Gamesa eta Siemens Wind enpresen arteko fusioaren ondoren, sorkuntza eolikoko ekipoen mundu mailako liderrak Euskadin izango du egoitza

20 June, 2016

Ia urte eta erdiko negoziazioen ondoren, Gamesa enpresako Administrazio Kontseiluak behin betiko itxiera eman dio Siemens enpresarekin fusionatzeko hitzarmenari. Hitzarmen horren bidez, Gamesak bere baitan hartuko ditu Siemensen sorkuntza eolikoko aktibo guztiak eta multinazional alemanak kontrolatuko du fusio horretatik sortuko den konpainia, berea izango baita kapital sozialaren zati handiena. Siemensen jabetzapekoak izango dira hitzarmen horren bidez sortuko den konpainia berriko akzioen %59. Gamesako administrazio kontseiluak kapital zabalkuntza bat onartu du operazioa errazteko, eta jaulkiko diren akzio berriak multinazional alemanari entregatuko zaizkio bere aktibo ekarpenaren truke.

 

Aktibo eoliko horiez gain, Siemensek 1.000 milioi euro emango dizkio Gamesari eskudirutan, egungo akziodunen artean banatu ditzan ez-ohiko dibidendu gisa. Hitzarmena sinatu aurretik negoziazio gogorrak izan dituzte Frantziako gobernuarekin, Adwen enpresaren -Gamesak iaz Areva sozietate publiko frantsesarekin batera sortutako sozietatea- etorkizuna argitu behar izan dutelako lehenbizi.

 

Gamesa berria mundu mailako liderra izango da sorkuntza eolikoko ekipoen produkzioan, eta posizio nabarmena lortuko du itsaso zabaleko sorkuntza teknologiaren sektorean. Bere burtsa-kapitalizazioa 12.000 milioi euro ingurukoa izango da, eta Europar Batasuneko Lehia agintariek txosten bat egin beharko dute tramite guztiak formalizatzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow