Gerdau enpresaren Basauriko I+G-ko zentroak 30 urte bete ditu

3 July, 2015

Gerdau fabrikak, Basauriko Sidenor enpresa zenak, ostatatzen du multinazional brasildarrak Europan daukan I+G-ko zentro bakarra, kontinenteko garrantzitsuenetako bat. Duela 30 urte baino gehiago sortu zen, baina erreferentziazkoa izaten jarraitzen du, Alemania, Holanda edota Ingalaterrako I+G-ko zentroen maila berean.

Altzairu gordineko produktore brasildar horrek –mundu osoan 25 milioi tona fabrikatzen ditu urtean, horietako bat Basauriko fabrikan, munduko hamar produktore garrantzitsuenetako bat delarik– argi izan du beti «balio erantsia» eman behar zaiela bezeroei. Bereziki, lehengaiaren zati handiena balbulak, baleztak, malgukiak, pinoiak eta ibilgailuen engranajeetarako bestelako elementuak egiteko erabiltzen dutenean. Pieza horietan fabrikatzaileek fidagarritasuna bilatzen dute gehienbat, baina baita ere pieza arinak izatea, eraginkortasuna edo propietateak batere galdu gabe. Izan ere, zifrei begiratuz gero Brasilgo talde horrek ekoitzitako altzairuaren «bizitza baliagarria automobilaren sektorean amaitzen da %85ean». Baina orobat bideratzen da, gutxiago badere, ontzigintzara, sektore eolikora eta petrokimikara.

80ko hamarkadan, petrolioaren krisiaren erdian, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen fabrika eta gero, espezializazioa bilatuz, I+G-ko bikaintasun zentroa sortu zuen. Ikerketarako espazio hori sustraitzen joan da hamarkadaz hamarkada, krisialdi boladak eta izan dituen arduradun desberdinak gorabehera (1995ean Ifesa eta Sabino Arrieta sartu ziren kapitalean akziodun nagusi gisa, eta hamar urte geroago Brasilgo taldeari saldu zitzaion fabrika).

Une honetan, fabrikaren kopia txikiago bat den proba-laborategi honetan, ehun bat langile -ingeniariak, fisikariak eta kimikariak- ari dira lanean, arlotan banatuta.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow