Zabalik dago Toribio Echevarria Sarien aurtengo edizioa

30 martxoa, 2016

Datorren apirilaren 25era arte zabalik egongo da Toribio Echevarria Sarien 26. ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea. Eibarko Udalak BIC Gipuzkoa zentroarekin batera antolatzen duen sariketa horrek helburutzat du berrikuntza teknologikoa sustatzea euskal enpresa-sarean, eta enpresa edo negozio-ildo berriak sortzeko laguntza ematen du horretarako.

Aurreko edizioetan legez, bi kategoria handitan banatuko da sariketa: Ideiak edo Enpresa Proiektuak atala, ekimen berritzaile berriak -bereziki oinarri teknologikoa dutenak- dituzten ekintzaile indibidualei edo taldeei zuzendua; eta Enpresa Berria atala, eremu zientifiko-teknologikoan edo ezagutzan berrikuntza-maila altua duten enpresa sortu berriei zuzendua.

Enpresa-ekimen irabazleek 10.500 euro jasoko dituzte dirutan eta, gainera, Ekintzaile/Txekintek edo Barnekintzaile/Txekintek programetan parte hartu ahal izango dute -BIC Gipuzkoa zentroaren bitartez- proiektu berria martxan jartzeko, gehienez 60.000 euro jasoko dutelarik horretarako. Horrez gain, dohainik parte hartu ahal izango dute APD jardunaldietan, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren prestakuntza ekintzetan eta Elkargiren aholkularitza-plan espezializatu batean.

Bestalde, bi kategorietako hautagaitzek Eremu Teknologikoa saria irabazi ahal izango dute, hau da, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako 15.000 eurorainoko laguntza, garapen teknologikoko premia espezifikoei erantzuteko. Dagoeneko eratuta dauden enpresak Nazioartekotzeari Laguntzeko Sarira ere aurkeztu daitezke, zeinaren bitartez aukera baitute SPRIren Nazioarte Sailak barne hartzen duen merkatuetako batean sartzeko.

Toribio Echevarria Sariak Euskal Herriko ekintzaileei eta konpainia sortu berriei zuzenduta daude, eta babesletzat ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila, SPRI, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapen, Landa Ingurune eta Lurraldearen Oreka Saila.

Hona hemen iazko ekimen irabazleak: DENEB Medical, ehunak denbora errealean bereizten dituen laser plataforma kirurgiko bat sortzeagatik; eta eCommerce-rako Hapiick mikrologistika zerbitzua, onlineko erosketak modu seguru, pribatu eta malguan jasotzeko armairu automatizatuen sarea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow