WikiEmakume ekimenak ikusgarritasuna eman nahi dio emakumeek Wikipedian duten presentziari

22 June, 2017

 

Ekimenak hitzordu irekiak antolatuko ditu Bilbon eta Gasteizen.

Wikipediako artikulu batek dio entziklopedia libreko editoreen %9-16 bitartean bakarrik direla emakumeak. Argi dago, beraz, genero-eten izugarria dagoela eta Wikipediak ez duela inolaz ere gizarte osoa ordezkatzen, eta hori igartzen da baita ere edukietan, emakumeen ordezkaritza askoz txikiagoa delako. Gainera, emakumeen artikulu biografikoetan agertzen diren hitzen %27 generoari edo familia harremanei buruzkoak dira (halakoren emaztea edo halakoren ama, adibidez), portzentaje hori %4koa delarik gizonei buruzko artikuluetan.

Eten hori murrizteko, hainbat ekimen antolatzen dira mundu osoan emakumeen parte-hartzea sustatzeko, eta emakumeei eta gai femeninoei buruzko artikuluak sortzeko. WikiEmakume da horietako bat, Euskadiko hirietan aldian behingo hitzorduak antolatzen dituen ekimena. Hurrengo saioak Bilbon (ekainak 30) eta Gasteizen (irailak 20) izango dira.

Bilera irekiak izaten dira, hau da, parte har dezake Wikipediako genero-etena murriztea helburu duen edonork, berdin diolarik edizioari buruzko ezagutzarik duen ala ez. Xedea da emakumeen biografiei buruzko sarrera berriak eta emakumearen historiarekin lotutako artikuluak sortzea edo lehendik existitzen direnak osatzea. Topaketen helburua da elkarrekin ikastea eta sarean kolaboratzea, beraz, bereziki gonbidatuta daude entziklopediako edizio-lanak egiten hasi nahi duten emakumeak.

WikiEmakume kolektiboak dioenez, topaketaren asmoa da espazio bat sortzea, emakumeak eroso egon daitezen galderak egiteko, huts egiteko eta berdinen artean ikasteko, espazio bat irekitzea emakumezko editoreen arteko elkarrizketarako eta loturak sendotzeko, eta elkarrekin batzea entziklopedia libreko genero-etena murriztu nahi duten wikipedialari guztiak –emakume nahiz gizonak. Topaketak ekainaren 30ean (Bilboko Berrikuntza Faktorian) eta irailaren 20an (Gasteizko Saregune zentroan) egingo dira, WikiEmakumek, WikiAprendices-ek eta Saregunek antolaturik eta SPRI Taldeak babesturik (Enpresa Digitala ekimenaren bitartez).

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow