WiFi konexioaren segurtasuna hobetzeko giltzarriak

17 urtarrila, 2018
Ordenagailu eramangarri bat bulego batean.

 

SPRI Taldeak eta Basque Cibersecurity Centre-k topaketa bana antolatu dute Donostian, Zamudion eta Arrasaten

WiFi konexioa zabal erabiltzen da bai ingurune partikularretan eta baita ere enpresetan, hariak baino askoz konektagarritasun erosoagoa eskaintzen duelako. Halere, kontuan izan behar da horrelako konexioak arriskutsuagoak direla segurtasunari dagokionez eta, beraz, beharrezkoa dela hainbat neurri hartzea. “WiFi konexioa sargune bat da eta berekin dakartza sareko teknologiaren ahultasunak”, azaldu du Mikel Díaz de Arcayak, JakinCode enpresako fundatzaileak, “ahultasun horiek aprobetxatu egin daitezke WiFi seinalea sarrera-puntu bihurtzeko”.

 

Horretarako, hainbat neurri inplementatu daitezke, batzuk oso sinpleak eta beste batzuk aurreratuagoak, kasuan kasuko sare motaren arabera (etxekoa edo korporatiboa). Arabako zibersegurtasun enpresaren fundatzaileak azaldu duenez, “lehenetsitako pasahitza aldatzea da neurri oinarrizkoena, eta halaber, oso garrantzitsua da pasahitz horrek gutxienez zortzi karaktere izatea, eta letrak, zenbakiak eta ikurrak konbinatzea”. Bestalde, gomendatzen da ingurune korporatiboetan neurri osagarriak hartzea. “Badira aukera oso sendoak, adibidez, RADIUS autentikazio zerbitzari bat inplementatzea segurtasuna hobetzeko” adierazi du Díaz de Arcayak.

 

WiFi inguruneen segurtasunerako giltzarri garrantzitsuenak ezagutzera emateko, SPRI Taldeak eta Basque Cibersecurity Centre-k doako jardunaldi bana antolatuko dute Donostian, Zamudion eta Arrasaten urtarrilerako eta otsailerako. Topaketa horretako parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte haririk gabeko konexioak ahalbidetzen dituzten teknologiak eta jakingo dute nolako erasoak jasan ditzaketen eta nolako prebentzio neurriak har daitezkeen. JakinCode enpresako Mikel Trujillok emango du hitzaldia eta WiFi inguruneetako ahultasunak, eraso bektoreak eta kontra-neurriak ezagutu nahi dituzten IT arloko profesionalei zuzendurik egongo da.

 

Segurtasuna WiFI inguruneetan jardunaldia urtarrilaren 24an egingo da Gipuzkoako Teknologi Parkean, otsailaren 6an Bizkaiko Teknologi Parkean eta otsailaren 15ean Garaia Berrikuntza Gunean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow