WeLive Jardunaldia, aplikazio hiritarrak ko-sortzeko tresnak

22 November, 2017
Portal WeLive

 

Azaroaren 28an plataforma horri buruzko tailer bat egingo da Bizkaiko Teknologi Parkean

 

WeLive proiektu europarraren asmoa da hiritarrak, enpresak eta administrazio publikoak herri-zerbitzu berrien garapenean inplikatzea aplikazio mugikorrak sortuz. Horretarako, plataformak gune bat eskaintzen du hiriari lotutako ideiak, premiak edo proposamenak argitaratzeko, eta baditu baita ere tresna teknologikoak eta datu-multzo irekiak, konponbide horiek garatzeko.

 

Azaroaren 28an jardunaldi bat egingo da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, eta bertan emango da ezagutzera aplikazio diseinatzaileei eta garatzaileei beraizik zuzendutako proiektu hau. Topaketa praktikoa izango da, hau da, parte-hartzaileek WeLive plataforma erabiltzen ikasiko dute. Programan lehenbizi sarrera bat egingo da ko-sorkuntzari eta gobernu irekiari buruz, eta ondoren, sakonago landuko dira plataformak eskaintzen dituen tresna teknologikoak. Azkenik, parte-hartzaileek praktikan jarri ahal izango dute WeLive plataformak proposatzen duen ko-sorkuntza prozesua, ideia bat aplikazio bihurtuz. Jardunaldia doakoa da, eta SPRI Taldeak antolatu du Bizkaia Enpresa Digitala ekimenaren bitartez.

 

Horizontea 2020 ekimenak finantzatzen du WeLive ekimena, IKTen bidez gobernu irekirantz aurrera egiteko ildoaren barruan. Proiektuak zerbitzu publikoen eredu berri bat bultzatzen du, zerbitzu horiek hainbat eragile sozialen (hiritarrak, enpresak eta administrazio publikoak) arteko lankidetzaren bidez garatzen baitira. Plataforma bat da, non hiritarrek hiriari lotutako beharrak proposatu eta bozka ditzaketen.

 

Administrazio publikoen zeregina da hiritarren beharrizanei buruzko datu-multzo irekiak igotzea. Dataset horietatik eta WeLive plataformak berak irekian eskaintzen dituen baliabide teknologikoetatik abiatuta, konpainiek gune hori erabil dezakete aplikazio formako zerbitzu berritzaileak garatzeko. Hona hemen plataforman Bilborako proposatu diren ideia batzuk: ekitaldietarako ibilbide-laguntzaile bat, partikularren artean prestakuntza eskaintzeko eta bilatzeko marketplace bat edota aurreikuspen-zerbitzu bat “Bilbon Bizi”ren bizikleta disponibilitatea ezagutzeko.

 

Europa mailako 12 bazkidek osatzen dute proiektua, eta dagoeneko pilotuak jarri dituzte martxan lau hiritan: Bilbo, Trento, Novi Sad eta Helsinki eskualdean. Bizkaiko hiriburuaren kasuan, Deustuko Unibertsitateak, Tecnaliak, Bilboko Udalak eta Eurohelp Consulting enpresak parte hartzen dute proiektuan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow