Virtualvision plataformak showroom interaktibo eta hiper-errealistak sortu ditu

26 September, 2017

Proiektu hori Apliqa, Tecnalia eta Implika erakundeen arteko aliantzatik sortu da.

 

Virtualvision plataformak aukera ematen die fabrikatzaileei, eraikitzaileei, sustatzaileei edo higiezinen bulegoei beren produktuak erakusteko eszenatoki birtualetan. Tresna sinple horri esker, posible da klik bakarrean aldatzea koloreak, materialak edota barruko eta kanpoko espazioetako akaberak. Proiektua uda honetan merkaturatu da, hiru erakunde hauen arteko lankidetzari esker: Tecnalia teknologi zentroa, eraikuntzako materialetan espezializatutako Apliqa aholkularitza eta Implika prestakuntza eta talentu zentroa.

 

Fabrikazioko planoak eta materialen bereizmen handiko argazkiak erabiliz, Virtualvision teknologiak errealismo handiko irudi birtualak sortzen ditu. Hala, posible da goitik behera eguneratu daitezkeen eta erosketa esperientzia hobetzen duten katalogoak sortzea, inbertsio handirik egin gabe eta ezagutza tekniko gehiegirik izan gabe.

 

Errealitate birtualeko beste produktu batzuekin alderatuta, Virtualvision plataformak eskaintzen duen konponbidea erabilerrazagoa da erabiltzaile eta fabrikatzaileentzat. “Merkatuan badaude horrelakoak egiteko aukera eskaintzen duten aplikazioak, baina jendeak ez ditu app-ak deskargatu nahi; horregatik, web plataforman eskaintzen dugu gure teknologia” adierazi du Oscar Sánchezek, Apliqa-ko zuzendari nagusiak. Erabiltzaileek Virtualvision plataformarekin elkarreragin dezakete zuzenean onlineko plataforman, softwarerik deskargatu gabe.

 

Prezioa da produktu honen beste balio bereizgarria bat, hileko kuotatan ordaintzen baita katalogoaren bolumenaren arabera. “Orain arte, horrelako teknologiak ez dira orokortu oso garestiak zirelako; posible da app bat garatzea 6.000 eurotan, baina web inguruneen prezioa 30.000 euroraino irits daiteke”. Virtualvision konponbideak plataforma komun bat sortu du eta teknologia sinpletu du, fabrikatzaile desberdinek erabil dezaten.

 

Hala, irudi hiper-errealistak dituen eta funtzionamendu intuitiboa duen showroom bat lortu dute, informatikako ezagutzarik gabe erabil daitekeena eta, gainera, gai da milioika produktu-konbinaketa sortzeko denbora errealean. “Katalogo birtual horrekin paperezko milaka orri ordezkatuko dira” azaldu du Oscar Sánchezek. Gainera, zerbitzuak aukera ematen du erabiltzaileen portaerari eta gustuei buruzko datuak biltzeko eta informazio hori oso baliagarria da enpresaren zerbitzuak hobetzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow