Dynasty Freud bideojokoa irabazle PlayStation Talents sariketan

22 abendua, 2016
Kaia Studios da jokoaren sortzailea.

Euskal bideojoko onenaren garaikurra ere eskuratu zuen AzPlay jaialdian.

 

Dynasty Freud Bilboko Kaia Studios estudioaren lehen garapena da, eta nahiz eta oraindik ez den merkatura atera, dagoeneko hasi da sariak biltzen. Plataformen erabilpen onenaren saria eskuratu du abenduaren 20an Madrilen eginiko PlayStation Talents lehiaketan, eta joko onenaren sariketako finalista izan da ehun bat proposamenen artetik. Azaroaren amaiera aldera, euskal garapen onenaren saria ere irabazi zuen Azplay, Bideojoko Independenteen Nazioarteko Jaialdian.

 

Proiektu hori jokalari anitzeko 2Dko borroka-joko bat da, non garai desberdinetako dinastiak elkarren aurka lehiatzen baitira, horietako bat bizirik geratu arte. Jokalariek ondoko hauen artean aukeratu dezakete: bikingo familiak, piratak, samuraiak edo, besteak beste, cowboyak. Pertsonaiak hil ahala, dinastia bereko beste batzuek ordezkatzen dituzte. Kaia Studios-eko zuzendari nagusi Eneko Egiluzek dioenez, “plataforma ukitua duen borroka-joko bat da”, “zuzeneko ekintza eta dibertsioa bilatzea beste asmorik ez du, entretenimendu hutsa da”. Bideojokoak 30 pertsonaiatik gora ditu, eta horien artean daude Arturo erregea, Thor edo Buffalo Will, eta era guztietako armak erabil daitezke borroketan: katanak, geziak, errifleak edo beisbol bateak.

 

2015eko irailean hasi zen estudioa Dynasty Freud garatzen, eta lantaldearen asmoa da datorren urteko martxoa eta apirila bitartean merkaturatzea. “Lehenbizi PCrako kaleratuko dugu, baina ahalik eta plataforma gehienetara iritsi nahi dugu” dio Eneko Egiluzek. Kaia Studios-en bost lagun bildu dira: DigiPen Institute of Technology zentroko lau ikasle ohi eta UPV/EHUko Arte Ederretako ikasle bat. Ikasketak amaitu ondoren elkartu egin ziren lehen bideojokoa sortzeko, eta Dynasty Freud izan da emaitza.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow