ETEak seguruago egiteko bideojoko bat

2 urtarrila, 2017

Hackend jokoak ziber-segurtasuneko giltzarriak ematen ditu eraso ohikoenei aurre egiteko.

 

Max-ek enpresa txiki bat dauka, eta pozik dago bere negozioaren eraldaketa digitala egin ondoren. Baina prozesu hori burutu eta handik gutxira arazoak etorri zaizkio: enpresa lehiakide batek bere azken produktua lapurtu dio merkatura atera baino lehen, ziber-erasoak jasotzen ditu eta norbaitek bere bezeroen informazio konfidentziala eskuratu du. Max detektibe bihurtuko da, segurtasun akatsak non dauden deskubritzeko eta jardunbide egokiak ezarriz horrelako erasoak saihesteko.

 

Hackend bideojoko serio bat da, Virtualware euskal enpresak garatua INCIBE, Ziber-segurtasun Institutu Nazionalarentzat. Gamifikazioa erabiliz, proiektuak ETEei eta mikroETEei laguntzen die ahuluneak non dauzkaten deskubritzen eta prebentziozko segurtasun neurriak hartzen modu argi eta sinple batean. Jokoak bederatzi misio dauzka, bakoitza eraso mota batekin lotua. Hala, edozein enpresatan ohikoenak diren ahuluneak erakusten ditu.

 

Joko honen bidez jokalariek jakin dezakete zeintzuk diren segurtasuna hobetzeko jardunbide egokiak, esaterako, pasahitzak aldian behin aldatu behar direla, erabiltzaile pribilegio desberdinak eman behar direla langile profilaren arabera, edota kontrolatu egin behar dela zerbitzu teknologikoen hornitzailea noraino sartzen den konpainiako sistemetan. Segurtasun premisa horiek ezinbestekoak dira informazio ihesak eta erasoak saihesteko, edozein dela ere enpresaren sektorea eta tamaina. INCIBEren atarian informazio gehiago dago enpresa arloko ziber-segurtasun gai espezifikoei buruz.

 

Hackend web orrian bertan eskuratu daiteke Android eta iOS dispositibo mugikorrentzat. Bideojokoak urteko Serious Game onenaren saria irabazi zuen Fun & Serious Game Festival 2016 jaialdian, zeina Bilbon egin baitzen Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz eta SPRI Taldearen bitartez.

 

Hackend

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow