Gabon espazialak robotika eta programazioa ikasteko

14 abendua, 2016
Gabonetako kanpaldiak 4 eta 17 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude.

Camptecnológicok tailerrak antolatuko ditu Donostian, Gasteizen, Bilbon, Durangon eta Arrasaten.

 

Datozen urteetan digitalizazioak milioi batetik gora enplegu berri sortuko ditu Estatuan bakarrik. Datu horrek erakusten du zein garrantzitsua den teknologia berriekiko interesa piztea haurren artean. Camptecnológico proiektuko arduradunek diotenez, automatizazioak desagerrarazi egingo ditu egungo hainbat lanpostu, baina beste asko eraldatu egingo ditu eta profil profesional berriak sortuko ditu.

 

Gaitasun digitalak dagoeneko ezinbestekoak dira haurrek etorkizun profesional ona izan dezaten, eta baita ere mundua ulertzeko. Horregatik, duela bost urtetik Camptecnológicok tailerrak eta ikastaroak antolatzen ditu, gaztetxoen artean teknologiarekiko jakin-mina pizteko. Gabonak direla eta, tailer-egitarau zabala antolatu du, 4 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzat, Donostian, Bilbon, Durangon, Gasteizen eta Arrasaten.

 

Aurten espazioa izango da Camptecnológicoren Gabonetako ikastaroen ardatza. Hala, neska-mutilek base espazialak diseinatuko dituzte Minecraft jokoa erabiliz, misioak egingo dituzte Martera Lego eta Arduino bidez eraikitako robotekin eta, besteak beste, beren bideojoko espazialak programatuko dituzte Scratch erabiliz. Programak hamar tailer baino gehiago eskaintzen ditu, adin eta interes desberdinei zuzenduak: Kids and Tech programaziorako hastapen ikastaroa, 4 eta 6 urte bitarteko haurrentzat; Girls & Tech, 8 eta 12 urte bitarteko neskatoentzat, astronauten lekua har dezaten; edo Be Youtuber, bideoak sortzen ikasteko tailerra, 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat.

 

Horrelako jarduera hezitzaileek helburu bikoitza dute: batetik, tresna teknologikoak erabiltzen ikastea, eta bestetik, gaitasun transbertsalak garatzea, hala nola, pentsamendu kritikoa, diziplina anitzeko ikuspegia, talde-lana eta alfabetizazio mediatikoa. Ikastaroak bi ediziotan emango dira, abenduaren 26tik 30era, eta urtarrilaren 2tik 5era. Izena emateko epea zabalik dago proiektuaren atarian.

 

Camptecnológico ekimena Bilbotik bultzatzen da 2011tik, eta helburutzat du STEAM diziplinekiko interesa sustatzea gaztetxoen artean. Urte hauetan, beste erkidego batzuetara ere hedatu da proiektua (Nafarroa, Madril, Katalunia eta Galizia), eta Eusko Jaurlaritzak babesten du SPRI Taldearen bitartez.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow