Tumaker enpresak 3D inprimaketa profesionaleko “dena batean” estazioa abiarazi du

22 April, 2015

Tumaker euskal enpresak Voladora 3.0 sortu du. Fabrikazio gehigarrirako estazio bat da, makina bakarrean integratzen dituena 3D inprimagailu bat, ordenagailu bat eta erabilpen profesionalerako softwarea. Konpainia gipuzkoarrak 3D inprimaketako teknologiak eskaintzen dizkie enpresei prezio merkeagoan.


“3D inprimagailuaren kontzeptu berri bat sortu dugu, profesionalek behar duten guztia integraturik duena”, azaldu du Jon Bengoetxeak, Tumaker enpresako zuzendari nagusiak. Oiartzunen kokatutako konpainia horrek Voladora 3.0 merkaturatu berri du. 3D inprimaketarako estazio bat da, zeinak integraturik baititu profesionalek inprimaketa prozesuak egiteko behar dituzten hardwarea eta softwarea.

Enpresak dio Voladora 3.0 estazioaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat bere aldakortasuna dela, konfiguratu daitezkeen bi buru baititu, zeintzuei esker posible baita abiadura desberdinetan inprimatzea eta material desberdinak erabiltzea. Hala, pieza konplexuagoak inprimatu ahal izango dira eta, gainera, beraizik prestaturik dago fabrikazio gehigarriko prozesuetan erabiltzen diren polimero gehienak erabiltzeko.

Jon Bengoetxeak azaldu duenez, “kalitate goreneko makina profesional bat da, baina orain artekoak baino askoz merkeagoa” , “eta gure helburua da kostu altua dela-medio 3D teknologiak erabiltzen ez zituzten enpresei tresna hori hurbiltzea”. 3D inprimaketarako makinak saltzeaz gain, Tumaker enpresak aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du halako teknologiak barneratzen laguntzeko.

Enpresa gipuzkoarrak Euskadin egiten du produktuen diseinu eta fabrikazio prozesu osoa eta bere bezero garrantzitsuenak dira sektore industrialeko konpainiak eta teknologi eta ikerketa zentroak, zeintzuek prototipoen diseinurako nahiz piezen mekanizaturako tresnak sortzeko erabiltzen baitituzte 3D teknologiak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow