Tolosak IKTen Astea ostatatuko du

11 urria, 2016
Informazio eta Komunikazio Teknologien Astea Tolosaldean.

Urriaren 17tik 21era tailerrak eta prestakuntza jarduerak egingo dira.

 

Datorren astean Informazio eta Komunikazio Teknologien Astearen edizio berri bat egingo da Tolosan. Jardunaldi horietan, ikastaroak eta tailer praktikoak egiten dira IKT tresnen munduan sartzen laguntzeko. SPRIk antolatzen du ekitaldi hori Enpresa Digitalaren eta Lehiberri Lehiakortasun eta Berrikuntza Foroaren bitartez, Tolosaldea Garatzen eta KZ Gunea erakundeen laguntzaz. Aste horren helburua da tresna digitalen erabilpena sustatzea Tolosaldeko enpresa-sarean, nahiz eta saio batzuk hiritar guztiei zuzenduta dauden.

 

Egitarauan doako 10 jarduera egingo dira, bost egunetan banatuta, eta parte hartzeko ez dago aurrez ezagutzarik izan beharrik. Goizez, tailerrak Lehiberri Zentroan egingo dira: Zaindu zure lehiakideak eta ezagutu zure merkatuak; Produktibitate pertsonala GTD metodologia aplikatuz –Getting Things Done-; Ziber-segurtasuna, ziber-erasoak eta hacking etikoa; Oraindik lehenengoa izan nahi duzu Google-n? eta Inbound marketing-a.

 

Arratsaldez, berriz, jarduerak KZ Gunera pasako dira (Pablo Gorosabel 34), eta hainbat tailer eskainiko dira egitarauaren barruan: mugikorreko argazkiak modu seguruan kudeatzeko tailerra, aplikazio eta sare sozial berri arrakastatsuenen erabilera tailerra, eta smartphone-ari probetxua ateratzeko tailerra. Bestalde, aste osoan zehar egingo da Learning by doing – Interneteko bideoen indarra ikastaroa. Ikastaro horretako parte-hartzaileek ikasiko dute nola erabili bideoa modu praktikoan, ikusgarritasuna lortzeko eta bezeroak beren saltokietara eramateko, inbertsio handirik egin gabe. Parte-hartzaileei irakatsiko zaie gidoi bat sortzen, grabatzen eta editatzen, eta emaitzak Interneten partekatzen.

 

Oraingo hau IKTen Astearen VIII. edizioa da, eta ekitaldi horren helburua da enpresa txiki eta ertainei laguntzea egunean egoten teknologien erabilpenean. Horretarako, tresna baliagarriak eskaintzen dira produktibitatea hobetzeko, enpresaren segurtasuna hobetzeko, edo produktu eta zerbitzuei ikusgarritasun handiagoa emateko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow