Teknologia berriak langileen kudeaketarako eta prestakuntzarako

21 October, 2017

Gestionet enpresak 4.0 Industriaren aldeko apustua egin du, eta teknologia aplikatzen du langileak kontratatu, prestatu, kudeatu eta leialtzeko prozesuetan.

 

Askotan pentsatzen dugu 4.0 Industria dela teknologia berriak integratzea fabrikazio prozesuetan. Badirudi teknologia berrien –robotak, datuen analitika, adimen artifiziala, fabrikazio gehigarria, sentsorika, espazio ziberfisikoak, e.a.- aplikazioak ezinbestez garamatzala fabrikazio sistemen optimizaziora, baina ez dezagun ahaztu teknologia gorakorrak orobat lagungarri direla sektore industrialeko beste hainbat arlotan. Adibidez, negozio-eredu berriak sortzen ari dira zerbitizazioa dela-medio eta, era berean, tresna teknologikoak gero eta sarriago erabiltzen dira langileen prestakuntza eta gaikuntza hobetzeko.

 

Bada beste negozio-nitxo gorakor bat, alegia, IKTak aplikatzea langileak kontratatzeko prozesuetan eta plantillen kudeaketan. Egoitza Erandion duen Gestionet konpainiak –zeinak baditu bulegoak baita ere Kolonbian eta Perun- 15 urtetik gora daramatza tresna berriak garatzen, pertsonek modu atseginean barneratu ditzaten enpresaren baloreak multimedia inguruneak baliatuz. Lehen lan-ildo bat da simulagailuak sortzea langileei ingurumenari edo energia eraginkortasunari buruzko prestakuntza emateko; eta bigarrena, gamifikazio teknologiak aplikatzea marketin-lanetarako, kanpo komunikaziorako, bezeroak leialtzeko edo giza-baliabideen arlorako.

 

Enpresaren azken lanen adibide bat aipatzearren, Gestionet-ek jolas formatuko plataforma birtual bat (gamifikazioa) garatu zuen, plataforma horren bidez hainbat erronka aurkezteko Kiabi multinazional frantsesaren denda bateko lanpostu baterako hautagaiei. “Jolas horretako proben bitartez, gure algoritmoa gai da lan-gaitasun zehatz batzuk identifikatzeko eta lanpostu zehatz baterako egokienak diren hautagaiak bahetzeko” azaldu du Daniel Gonzálezek, Gestionet enpresako Sorkuntza eta Proiektu zuzendariak. “Kiabi enpresak hautagaiengan ezinbestekotzat jotzen dituen sei ezaugarri definitu zituen, eta guk ezaugarri horiek detektatu genituen 20 minutu irauten duen joko horri esker, non hautagaiek hainbat jarduera egin behar baitituzte. 400 hautagai bahetu genituen 5.000 lagunen artetik. Gero, 400 horiek proba presentzialak egin zituzten. Gure teknologiak elkarrekin uztartzen ditu “big data”, adimen artifiziala eta bideojokoak, eta nabarmen murrizten du Giza-baliabide Sailaren lana”.

 

Plantillak optimizatzea

Duela hiru urte Gestionet enpresak 4.0 Industriarantz berrorientatu zuen bere negozioa, langileen hobekuntza eta plantillen optimizazioa helburutzat harturik. Iñigo Ocarizek –Merkataritza Saileko arduradunak- dioenez, horrelako proiektu bat garatu dute Elgoibarko Schaeffler enpresarentzat: “Konpainia honek baditu hainbat produkzio-ildo eta makina mota desberdinak erabiltzeko gai diren pertsonak. Langileek denbora galtzen dute egunero, ez dakitelako zein makinatan edo zein produkzio-ildotan lan egin behar duten. Premiak egunetik egunera aldatzen dira, produkzioaren edo bidalketa-eskaeren arabera. Enpresa horrentzako tresna bat garatu dugu, zeinak lana bezperatik esleitzeko prozesua automatizatzen baitu adimen artifiziala erabiliz, gorago aipatutako premia horien arabera. Tresna horrek egunero esleitzen dio bere zeregina langile bakoitzari, eta sakelako telefonora bidaltzen dio informazioa. Hala, lantegira iristean badaki nora joan behar duen, eta ez du denborarik galtzen”.

 

Gestionet enpresaren beste kasu arrakastatsu bat da txanda aldaketak antolatzeko softwarea. “Enpresa bateko langile batek egun bat libre hartu behar duenean, bere arloko arduradunari jakinarazi behar izaten dio, handik Giza-baliabideen Sailera jakinarazten da, eta hor aztertzen da zein langilek ordezkatu dezakeen. Sakelakorako app bat sortu dugu, zeinaren bidez langileak egun libre bat eska baitezake; aplikazioak automatikoki emango dio informazioa, bere postua zein lankidek bete dezakeen jakinarazteko. Langileek ordezkapen arazo hori elkarrekin konpondu ondoren, aplikazioa bera jartzen da harremanetan Giza-baliabideen sailarekin eskaeraren eta ordezkapen-alternatibaren berri emateko, eta sail horrek erabakiko du aldaketa bideragarria den ala ez. Horrela ez da denborarik alferrik galtzen burokrazia-kontuetan” azpimarratu du Ocarizek.

 

Portaera patroiak

Gestionet konpainiaren bezeroen artean badira inguruko enpresa handi zenbait (adibidez Banco Santander, BBVA, Iberdrola, Renfe, Armani, Ferrovial, Eroski, FNAC, Caixa Bank…) eta baita ere Latinoamerikako batzuk, Kolonbian eta Perun dauzkan bulegoen bidez. Adibidez, plataforma interaktibo bat garatu dugu 9.000 langile dituen Unilever enpresarentzat, langileen aldartea eta motibazio maila ezagutzeko. “Sare sozial bat da, formatu gamifikatua duena, eta langileek elkarren artean elkarreragiten dute txatak, foroak eta jolasak erabiliz. Galderak egin eta arazo batzuk aurkezten dira, eta erabiltzaileek konponbideak proposatzen dizkiete nagusiei edo lankideei. Elkarreragiteko modua eta portaera-patroiak aztertuz eta adimen artifizialaz baliatuz, posible dugu jakitea nolakoa den pertsonen aldartea eta baita ere enpresarekin duen lotura. Hori oso garrantzitsua da Giza-baliabideetako arduradunentzat, latinoamerikarrek oso lan-kultura desberdina dutelako eta lanarekin duten atxikimendua ez delako hemengo langileen berdina. Han oso arrunta da langile batek lana uztea edo egun batez kale egitea. Plataforma honi esker jakin daiteke langileak ba ote duen interesik enpresan jarraitzeko, eta enpresak posible du horren araberako neurriak hartzea” dio Daniel Gonzálezek. Mesfidantza sor lezake teknologia aplikatzea enplegatuak zaintzeko (gogora dezagun “El Círculo” filma, James Ponsoldt, 2017), baina, zalantzarik gabe, oso informazio baliotsua da konpainietako arduradunentzat.

 

Gestionet enpresaren asmoa da bide horretatik jarraitzea eta hobeto aztertzea gamifikazioarekin eta simulazioarekin zerikusia duten teknologiek langileen kudeaketa hobetzeko eskaintzen dituzten aukerak, nahiz eta badakiten zenbait enpresari heldutasuna falta zaiela. “Ikusten dugu industria mesfidati ageri dela oraindik horrelako gaietan. Eta jabetu gara errezelo horiek dituztela uste dutelako tailerretako langileek ez dutela behar adinako ezagutza digitalik. Pentsatzen dute arazoak izango dituztela teknologia berriak erabiltzeko. Guk, ostera, uste dugu, badutela gaitasuna horrelako tresna teknologikoak erabiltzeko” azpimarratu du Iñigo Ocarizek, Gestionet enpresako Merkataritza Saileko ardura

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow