Haririk gabeko teknologia geolokalizaziorako eta trazagarritasunerako

4 December, 2017
Lander Unanue, Stockare RFID Solutions enpresako zuzendari nagusia, CoolFox produktuarekin

Stockare RFID Solutions enpresak RFID eta SigFox teknologietan oinarritutako konponbideak eskaintzen ditu produktuak, ibilgailuak edo pertsonak aurkitzeko

 

Gaur egun produkzio arloko industria askok lokalizatuta eduki nahi dituzte produktuak, batzuetan arrazoi logistikoengatik eta bestetan trazagarritasun kontuengatik. Funtsezkoa da jakitea non dauden objektuak eta egiaztatzea garraio prozesuan beharrezko tenperatura baldintzak mantendu direla (oso garrantzitsua da hori elikadurari edo osasunari lotutako ondasunen kasuan).

 

Premisa horiek bultzatuta sortu zen Stockare RFID Solutions euskal enpresa. 2017ko urtarrilean eratu zen formalki, baina bere bultzatzaileek lau urte baino gehiago zeramatzaten RFID teknologian oinarritutako konponbideak garatzen. RIFD haririk gabeko sistema bat da, zeinaren bidez objektuen gainean kokatutako “txip” edo etiketa txiki batzuek informazioa igortzen baitute irrati-frekuentzia bidez. Informazio hori kokalekuari buruzkoa izaten da. “Gure lehen proiektuak RFID teknologia zerabilen ospitaleetako biltegietako birjartze-lana eraginkortasunez egiteko eta botikak aurkitzeko. Gero ikusi genuen aplika zitekeela ez bakarrik ospitaleetan, baizik eta baita ere beste industria batzuetan. Produktua garatu eta software plataforma bat inplementatu genuen, bezeroek errazago eskura zezaten informazioa” gogoratu du Lander Unanuek, Stockare RFID Solutions enpresako zuzendari nagusiak.

 

Orobat garatu dute RFID etiketak erabiliz langileak eta erremintak identifikatzeko sistema bat. “Bezero batek azaldu zigun hilero galtzen zituela langileek erabiltzen zituzten erremintak. RFID etiketak ezarri genizkien erremintei eta irakurle bat tresna horiek gordetzeko erabiltzen den armairuan. Hala, langile batek armairua ireki eta tresna ateratzen duenean, ekintza hori erregistratu egiten da, eta ekintza langile horri atxikitzen zaio. Hortaz, tresna bat desagertzen denean, erraz jakin daiteke nor izan den erreminta armairutik atera duen azken langilea” azaldu zuen Lander Unanuek.

 

Gaur egun Stockare RFID enpresa Drone by Drone euskal konpainiarekin ari da lanean; proiektu bat garatzen ari dira “RFID irakurle bat integratzeko dron baten barruan eta dron horren bidez inbentarioak egiteko azalera handietan. Portuetako logistika sektorera zuzendutako proiektu bat da” adierazi dute bi konpainietako ordezkariek.

 

Baina bezero batzuek eskatu zieten gara zitzatela beste lokalizazio konponbide batzuk, hau da, informazioa irakurtzeko aukera ematen dutenak RFID irakurle bat etiketatik hurbil jarri beharrik gabe, horixe baita teknologia horren muga garrantzitsuenetako bat. Testuinguru horretantxe sortu zen enpresaren azken garapena: CoolFox. “Gailu bat da, gai dena tenperatura monitorizatzeko eta produktua geolokalizatzeko denbora errealean. Alerta botoi bat ere badu (“On Air”) alarmak aktibatzeko. 15 minuturik behin gailu horrek datuak bidaltzen ditu lainora SigFox komunikazioa erabiliz (Gauzen Interneterako diseinatutako datu-transferentzia baxuko protokoloa). Banda baxuko transmisioak direnez, bateriek gehiago irauten dute, eta ez dute behar WiFi seinalerik, estaldura mugikorrik edo sateliterik” azpimarratu du Lander Unanuek.

 

Gailu horrekin uneoro eta denbora errealean jakin daiteke non dagoen objektu bat, makina bat edo berau soinean daraman pertsona. “Erabilgarri izan liteke hotzean garraiatzen duten enpresentzat, GPSa eta tenperatura-sentsorea balia dezaketelako jakiteko hotz-katea hautsi den ala ez. Kostu baxuko aparatua denez, kuota bat kobratuko dugu plataformara sartzeko, horixe da gure negozio-eredua; plataforma horretan bezeroak aukera du produktua non dagoen ikusteko, baliabideak kontrolatzeko eta alarmak jartzeko. Kostua hain da baxua, ezen norbanakoek ere erabil baitezakete pertsona nagusiak edo desgaitasunen bat dutenak monitorizatzeko, emakumeenganako jazarpena saihesteko edo autoa non dagoen jakiteko” dio Stockare RFID Solutions enpresako zuzendari nagusiak.

 

CoolFox produktuaren bateriak hainbat hilabete iraun ditzake, eta microUSB kable batekin kargatzen da, sakelako arruntak bezala. “Balioaniztuna da eta erraza da erabiltzeko. Gainera, web plataformako maparen bitartez edozein produktu edo pertsonaren trazagarritasuna ziurtatu dezakegu, eta “On Air” botoiarekin, lokalizazioan edo tenperaturan oinarritutako alarmak jar ditzakegu” esanez bukatu du Unanuek.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow