Symplio enpresak lantegiko lokalizazio zehatzeko sistema bat garatu du

26 abendua, 2017

Euskal enpresak gailu berri bat sortu du lantegiko langileak, makinak eta produkzio-ondasunak denbora errealean lokalizatzeko zentimetro batzuetako marjinarekin

 

Gartner aholkularitzaren azterlan baten arabera, urtearen amaieran 8.400 milioi gailu egongo dira Internetera konektatuta, hasi sakelakoetatik eta tableta, ordenagailu, frigorifiko, garbigailu adimendun nahiz produkzio-prozesuetako milioika makinetaraino. Gauzen Interneta (IoT) edo makinei konektagarritasuna (eta agian adimena) emateko gaitasuna dugu 4.0 Industriaren arloko beste kontzeptu bat.

 

Symplio euskal enpresa 2010ean sortu zen sare sozialei edukiak emango zizkieten gailuak sortzeko, baina 4.0 Industriarantz bideratu du bere negozioa, eta orain sistema bat sortu du langileak, makinak edo ondasunak monitorizatzeko eta, bere bitartez, segurtasuna eta kudeaketa-ibilbideak hobetzeko eta aktiboak lokalizatzeko lantegian.  “Posizionamendu-sistema zehatza eskaintzen diogu bezeroari 10-15 zentimetroko akats marjinarekin, eta gainera sistema horrek XYZ ardatzekin lan egiten du, hau da, lurrean nahiz altueran. Gailu horren bidez posible dugu kontrolatzea lantegian batetik bestera doan pertsona bat, eta baita ere haren gainean mugitzen ari den garabia. Denbora errealean zehazten dugu pertsonaren eta makinaren orientazioa, eta badakigu mugitzen ari diren eta zein norabidetan. Horrela, egoera arriskutsuren bat gertatzen bada, denbora errealean abisatu dezakegu. Sistemak berdin funtzionatzen du ilunpean edo kea dagoenean ere” zehaztu du Roberto Santosek, Symplio enpresako zuzendari nagusiak.

 

Erraz jar daiteke edozein makinatan edo pertsonatan, Roberto Santosek dioenez: “Lokalizazio zehatza lortzeko, elkarrekin konbinatu ditugu hainbat teknologia gailu honetan, zeinak mikro-prozesagailu bat baitu eta, beraz, baita ere adimena. Baditu Bluetooth-a, azelerometroak, giroskopioak eta ultrawideband (UWB) teknologia. Denbora errealean bidaltzen du jasotzen duen informazioa balizamendu-sistema baten bidez, eta sistema horrek ongi funtzionatzen du ingurune konplexuetan ere, hau da, pertsonak, materialak, produkzio-elementuak, labeak, soldadura, ebaketa-sistemak eta bestelako elementuak konbinatzen dituzten inguruneetan. Argi bat ere badu, piztu egiten dena alarma kasuetan.

 

Sistemak badu beste erabilpen bat, alegia, lantegiko barne-logistikakoa, dagoeneko automozioaren sektoreko enpresa batean probatzen ari garena. “Aukera ematen digu lantegiko elementuei edo pertsonei ibilbide eraginkorragoak esleitzeko, eta hala, denbora eta eraginkortasuna irabazteko. Big Data teknologiarekin aztertutako informazio horrek portaera egokienak erabakitzen ditu lantegiko elementu guztientzat: material bat entregatzeko bide egokiak, robot eta makinen kokaleku onena, eta abar. Eta balio digu baita ere pertsonak, lantegiko elementu materialak eta aktiboak (trokelak edo ordezko piezak) lokalizatzeko” gogorarazi dute Symplio enpresako ordezkariek.

 

Bilboko enpresaren garapen berri honek lotura estua du Big Data teknologiarekin, sentsore bezala funtzionatzen baitu bezeroentzat oso baliagarriak izan daitezkeen datuak bilduz. “Informazio hori oso baliotsua da historikoak edukitzeko eta analisi prediktiboak egiteko. IoT alderdiak ez du ezertarako balio Big Data gabe. Biek egon behar dute integratuta. Guk gailua eta “Data”ri dagokion alderdia eskaintzen ditugu, garrantzitsua baita erabakiak hartzeko orduan.  Informazio guztia erregistratu egiten da, “Data Science” ekipoak informazio baliotsua eman diezaien enpresei” nabarmendu du Santosek.

 

IoT siglak dagoeneko aski ezagunak dira konpainia askotako arduradunen artean. Arazo nagusia da adibide gutxi dagoela lantegian dituen erabilpenak erakusteko, Santosek dioen bezala: “Enpresek badute interesa eta IoTren inguruko kasu praktikoak ezagutu nahi dituzte.

Badakigu gauzak ez direla errazak merkatuan, eta ke asko saltzen dela IoT siglen azpian. Gure asmoa da enpresek proba dezatela konponbidea beren lantegiko eremuren batean, eta ongi funtzionatzen badie eta beharrezkoa iruditzen bazaie, lantegi osora zabal dezatela.”

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow