SwiftFlats, Erasmus ikasleak hartzeko zerbitzu integrala

20 September, 2017

Euskal startup hori izan zen Yuzz Barakaldo lehiaketako eta Mentor Day azeleragailuaren txapelketako irabazlea.

 

SwiftFlats plataformak trukeko ikasleen ostatu erreserbak kudeatzen ditu eta onlineko espazio bat eskaintzen du, ikasleek posible izan dezaten pisu partekatu bateko logelak erreserbatzea hirira iritsi baino lehen. Aldi-baterako alokairua eskaintzen duten beste atari batzuen aldean, SwiftFlats plataformak baditu bi elementu bereizgarri, batetik, ikasleengan espezializatuta dago eta, bestetik, lantaldeak zerbitzu integrala eskaintzen die, bai maizter gazteei eta bai etxe-jabeei.

 

“Ostatu erreserbak kudeatzen ditugu” azaldu du Sergio Romerok, startuparen sortzaile eta zuzendariak, “baina zerbitzu gehigarriak ere eskaintzen ditugu, hasieratik integratuta sentitu daitezen”. Zerbitzu horren barruan sartzen da aireportuan jasotzea hirira iristen diren unean bertan eta tokiko Erasmus elkarteekin harremanetan jartzea, trukeko beste ikasle batzuk ezagutu ditzaten.

 

Bestalde, SwiftFlats plataformak zerbitzu gehigarri bat eskaintzen die etxe-jabeei, besteak beste, iragarkia plataforman argitaratzea, garbiketa zerbitzuaren kudeaketa, erantzukizun zibileko aseguruak eta giltzak jasotzea. “Zerbitzu integrala da, jabeak ez daitezen ezertaz arduratu” adierazi du Sergio Romerok. Bi alderdien lasaitasunerako, sistemak lehen hilabeteko alokairuaren ordainketa blokeatzen du erreserba egiten den unetik, eta ikaslea iristean ordaintzen zaio etxe-jabeari, dena ondo dagoela egiaztatu ondoren. Hauxe da negozio-eredua: etxe-jabeei nahiz trukeko ikasleei kobratzea jasotzen dituzten zerbitzu gehigarriengatik.

 

Ideia honen sorburua plataformaren sortzaile Alex Ramos, Asier Ramos eta Egoitz Arancetak bizi izandako esperientzia pertsonalak dira, baina, batez ere, lehenago izan zuten enpresa-abentura bat, Ikastravelling ikasleentzako bidaia-agentzia alegia. SwiftFlats enpresa aurtengo otsailean sortu zen eta onlineko plataforma irailean jarri zen abian. Denbora gutxi daraman arren, dagoeneko presentzia du Estatu osoko bederatzi hiritan, eta Bilbon 50 erreserba baino gehiagorekin hasi du ikasturtea.

 

“Orain inbertitzaile bila gabiltza Espainia osoan hazteko, sendotzeko eta 2019an edo 2020an Latinoamerikara jauzi egiteko” azaldu du startuparen zuzendariak “dena den, kanpoko inbertsiorik lortzen ez badugu, gure asmoa da Euskadin sendotzea, hemen izan dugulako arrakasta gehien, eta pixkanaka haztea Estatu osora”.

 

Proiektuak ekintzaileentzako Yuzz programaren azken edizioan parte hartu zuen BIC- Bizkaia Ezkerraldearen bitartez, eta irabazi egin zuen; maiatzean, berriz, Mentor Day Tenerife saria jaso zuen. SwiftFlats plataforma UPV/EHUko MBAe3 masterrean sortu zen, eta BEAZ eta SPRI Taldearen laguntza jaso zuen bere garapen fasean.