“Startup Europe” komunitateak unibertsitateetara eraman nahi du ekintzailetza

28 July, 2016

Urrian hainbat ekitaldi egingo dira Europa osoko unibertsitate eta teknologi zentroetan.

 

Startup Europe University Network unibertsitatez eta parke zientifiko eta teknologikoz osatutako komunitate bat da, zentro akademikoetan ekintzailetza sustatzeko sortu dena. Sarearen azken helburua da ezagutzan eta ikerketan oinarritutako balio erantsi handiko startup eta spinoff teknologikoak sortzen laguntzea.

 

Komunitateak SEC2U ekimena –Startup Europe Comes to the Universities hitzen siglak- deitu du urriaren 17tik 21era; hala, hainbat ekitaldi antolatuko dira goi-mailako hezkuntza zentroetan, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren kultura bultzatzeko hartua duten konpromisoaren erakusgarri. Asmoa da jardunaldi horiek tokian tokiko agenteek antola ditzatela modu independentean, SEUN sarearen laguntzarekin.

 

Ekitaldi horiek elkarrekin batuko dituzte unibertsitateetako ikasle eta ordezkariak, inguruko ekintzaileak, enpresak eta tokiko arduradun publikoak. Xedea da ezagutzera ematea hezkuntza zentroetan sortu diren proiektuak, administrazio publikoetan existitzen diren aukerak eta enpresa munduko esperientziak.

 

Jardunaldiaren plangintza librea den arren, “Startup Europe University Network” komunitateak zenbait oinarri komun ezarri ditu topaketa guztietarako, zeintzuk doakoak izango baitira eta maila lokalean edo eskualde mailan zentratuak. Programak bere baitan hartu behar ditu unibertsitateko ordezkariak, azaldu dezaten zer egiten duten berrikuntza transferitzeko mundu akademikotik gizartera, eta baita ere tokiko gobernu eragileak, ekintzaileentzat dauden laguntzak aurkeztu ditzaten. Asmoa da baita ere tokiko startup edo spinoff arrakastatsuren bat aurkeztea, eta porrot ereduren bat ere bai, hortik irakasgaiak ateratzeko. SEUN komunitateko lantaldeak baliabideak eta materialak eskainiko ditu ekitaldi bakoitzerako.

 

“Startup Europe University Network” komunitatea Europako Batzordeak babestutako ekimen bat da, eta bere xedea da tokian tokiko ekintzailetza teknologikoko ekosistemak konektatzea, jardunbide egokiak partekatzea eta enpresa teknologiko berrien sorkuntza sustatuko duten Europa mailako politikak bultzatzea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow