SSLab laborategiak zubi bat eraiki du 4.0 Industriako prestakuntzaren eta ikerketaren artean

17 maiatza, 2016
SSLab espazioan 4.0 Industriarako produktu eta zerbitzu berriak garatzen dira.

Ceit-IK4 erakundeak Smart Systems Laboratory jarri du martxan, ikasleek iraultza industrial berriarekin lotutako ideiak garatu ditzaten.

Ceit-IK4 zentroak SSLab laborategia sortu du, Donostiako Sustapenarekin eta Tecnun unibertsitatearekin batera. Ekimen horrek bi elementu uztartzen ditu: ingeniaritzako ikasleen prestakuntza eta 4.0 Industriarekin lotutako proiektu berrien ikerketa. Hala, espazioaren helburu nagusia da ikasleen prestakuntza prozesua osatzea, aukera eskainiz industriaren premiei egokitutako ikerketa errealak gauzatzeko.

“Asmoa da ikasle guztiak ikerketaren munduan sartu daitezela, lankidetzara zuzendutako ikuspegitik abiatuta” azaldu du Mikel Azconak, Ceit-eko ikerlariak. “Diziplina anitzeko proiektu osagarriak sortu nahi ditugu, beren prestakuntza espezifikoa zabaltzeko 4.0 Industriari buruzko ezagutzak barneratuz”. Aldian behin bilerak egiten dituzte, eta ikasle bakoitzak bere proiektua aurkezten du gainerakoen aurrean, elkarreragina eta talde-lana sustatzeko.

Laborategia 2015eko udan jarri zen martxan, eta garatu diren proiektuek zerikusia dute 3D inprimagailu bidezko fabrikazioarekin, sentsorizazioarekin, pieza industrialen urruneko monitorizazioarekin eta datuak denbora errealean prozesatu eta interpretatzeko plataformen diseinuarekin. Gaur egun, Nafarroako Unibertsitateko Tecnun zentroko gradu eta masterreko ikasleek erabiltzen dute SSLab, baina etorkizunean baliteke goi-mailako hezkuntzako ikastetxe gehiagotara ere irekitzea. Gainera, laborategian Ceit-IK4 zentroko irakasle eta ikerlarien laguntza jasotzen dute.

Espazio hori aukera paregabea da ikasleak ikerketaren mundura hurbiltzeko, zubi bat eraiki baitu prestakuntzaren eta merkatuaren artean, eta proiektuek beti dute lotura zuzena industriaren premiekin. 4.0 Industriaren ikuspegia estuki lotuta dago gero eta gehiago erabiltzen diren mota horretako sistemekin, zeintzuek beste iraultza industrial bat eragin baitute. “4.0 Industria hasten ari da, eta aukera bikaina da. Orain hasi behar dugu etorkizuneko ikerlariak prestatzen”, azaldu du Mikel Azconak.

 

SSLab

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow