Software librearen sektoreko enplegua eta diru-sarrerak hazi egin dira Euskadin

12 January, 2016
Eneko Astigarraga, ESLEko presidentea.

Software librearen eta ezagutza irekiaren sektoreko enpresak sasoi betean daude, eta perspektiba baikorrak dituzte etorkizunari begira, ESLE-Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak egin duen azken Jarduera Behatokiaren arabera.

Erakundeak eginiko txostenak dio elkartean dauden ia 40 enpresak 1.033 langilerekin itxi zutela urtea, eta horrek esan nahi du 2014an baino 413 langile gehiago daudela sektorean, nagusiki, espezializazio maila handiko pertsona gazteak.

Jardueraren Behatokia enpresa bazkideei eginiko inkestetan oinarritu da, eta sektorearen egoera eta perspektibak ezagutzea du helburu.  2015eko edizioan baita ere dio diru-sarrerak handitu egin direla, zehazki, aurreko urteko 31,4 milioi eurotik aurtengo 58,2 milioira. Hazkunde handi hori ESLEn bazkide berriak sartu izanari zor zaio, baina, era berean, elkartea osatzen duten enpresen fakturazioa hobetu egin da, eta horrek ere izan du eragina hazkunde horretan. Bestalde, bazkideek ahalegin handia egin zuten iaz I+G+B arloan, guztira milioi bat eurotik gora inbertitu zutelarik esparru horretan.

Etorkizuneko aurreikuspenei dagokienez, software librearen sektoreko euskal enpresak baikor agertu dira oro har. Bazkideen %73k fakturazioa handitzea espero du -%60 software libreko zerbitzu eta produktuetan-, eta enpresen ia erdiak -%47k- 2016an plantilla handituko duela aurreikusi du.

2015ean ESLEk bere 10. urteurrena ospatu zuen, Estatuko erreferente bihurtu delarik teknologia eta ezagutza libreen esparruan. 2005ean sortu zen, eta harrezkero, bere helburu nagusia izan da gizartean software librearen abantailak ezagutaraztea eta sektoreko euskal enpresen garapena laguntzea. Hamar urteotan bikoiztu egin da bazkide kopurua, eta langile kopurua ere 19 bider handiagoa da. Une honetan, elkarteak bi erronka ditu etorkizunerako: nazioarteko erreferente bihurtzea ezagutza libreko industrian eta euskal enpresei atzerrira irteten laguntzea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow