Sisteplant enpresako zuzendari nagusia: “4.0 Industria ez da bakarrik prozesuetan berritzea, baizik-eta, baita ere, produktuetan”

15 urtarrila, 2018
José María Borda, Sisteplant enpresako zuzendari nagusia

Euskal ingeniaritzaren ustez, langileek oso paper garrantzitsua dute Fabrikazio Aurreratuaren erronka aurrera eramateko langintzan

  

Berritzea, kalitatezko produktuak fabrikatzea eta ondasun horientzako zerbitzu gehigarriak eskaintzea dira laugarren iraultza industrialaren helburu garrantzitsuenak. Helburu horiek erdiesteko, enpresek digitalizazio-prozesuak garatu behar dituzte eta beren produkzioaren kalitatean eta kostuetan zuzeneko eragina izango duten teknologiak txertatu behar dituzte. Ikerketa teknologikoko lan hori teknologi zentroen eta ingeniaritza espezializatuen esku uzten da askotan.

 

Sisteplant 33 urteko ibilbidea duen euskal ingeniaritza bat da. Enpresaren datuen arabera, IBEX 35 zerrendako enpresen %35ek bere esku utzi dituzte euren digitalizazio-prozesuak. Euskadin dauka egoitza zentrala, baina bulegoak ditu Madrilen, Bartzelonan eta Sevillan, eta filialak Mexikon eta Brasilen. 2018an bere lehen bulegoa zabaldu nahi du Estatu Batuetan. Gaur egun 200 langiletik gorako plantilla dauka.

 

Konpainiaren helburu nagusia da existitzen diren teknologiak aprobetxatzea eta bere bezeroen produkzio-prozesuetan aplikatzea errendimendu hobea lortzeko, baina beti ere enpresen benetako premiak kontuan hartuz, Sisteplant ingeniaritzako zuzendari nagusi José María Bordak esan bezala: “3D inprimaketa oso baliagarria izan daiteke konpainia batzuentzat, baina ez ordea beste batzuentzat. Badira teknologia batzuk heldu gabe daudenak eta oraindik gutxi aprobetxatzen direnak. Enpresek edo klusterrek esaten digutenean eboluzionatu egin nahi dutela, lehenbizi beren erronkak aztertzen ditugu eta ikertzen dugu zein teknologia dagoen merkatuan. Lehenik eta behin, plan estrategiko industrial bat egin behar dute, eta plan horretatik abiatuta, helburuak lortzen laguntzeko teknologia bideratzaileak detektatu behar dira”.

 

Sisteplant enpresako arduradunen iritziz, Euskadiko produkzio-sareak badu arazo bat: “gai gara edozein produktu oso ondo fabrikatzeko, baina 4.0 Industria ez da bakarrik prozesuetan berritzea, baizik-eta, baita ere, produktuetan”. “Ulertu behar dugu gai izan behar dugula produktu horiek asmatzeko, patentatzeko, ekoizteko eta merkatuan mantentzeko. Aukera asko daude zerbitizazioaren esparruan. Irudimen kontua da. Gaur egun bezeroak makina bat erostera doazenean, jakin nahi dute zein erabilgarritasun emango dien makina horrek” azpimarratu du José María Bordak.

 

Bada beste erronka bat ETEekin zerikusia duena, zeintzuek hobekuntza-prozesuak garatu beharko baitituzte enpresa trakziogileen hornitzaile izaten jarraitzeko. “Enpresa handiek ETEekin batera lan egin behar dute, beren helburuak iristeko. Automozioaren edo aeronautikaren sektoreko enpresa hornitzaile batek nekez biziraungo du, ez badu bere ekoizpena egokitzen bezeroak eskatutako estandarretara” dio Bordak.

 

Sisteplant ingeniaritzako ordezkariek goraipatu egin dute Eusko Jaurlaritzak Basque Industry 4.0 ekimenaren bultzatzaile gisa egin duen lana: “ekimen horretan agente guztiek bat egiten dute, besteak beste, enpresek, klusterrek, unibertsitateek eta ikerketa zentroek”.  “4.0 Industria erronka bat da denontzat, ez bakarrik enpresetako arduradunentzat, baizik-eta, baita ere, langileentzat. Sindikatuek jakin behar dute 4.0 Industria aukera paregabea izango dela balio erantsi handiagoko enplegu aberasgarriagoa sortzeko.  Erronka soziala da, eta norabide berean egin behar dugu arraun” dio Sisteplant aholkularitzako zuzendari nagusiak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow