Europako Araudiaren nobedade teknologikoei buruzko saio informatiboa

20 apirila, 2016
Jardunaldian IZENPEk garatutako konponbideak ezagutaraziko dira.

IZENPE, Metaposta, ISEA eta Debagoienako Eskualde Garapenerako Agentziak doako topaketa bat antolatu dute maiatzaren 3rako.

Aurtengo lehen seihilekoan nobedade garrantzitsuak sartuko dira indarrean legediaren eta teknologiaren arloan, bai Europan eta bai Espainian. Araudi mailako aldaketa horiek eragina izango dute enpresen eta administrazio publikoen arteko komunikazioan, eta baita ere digitalki eskaintzen diren zerbitzuetan, hala nola merkataritzan, bankan edota kontratazioan.

Nobedade horiek ezagutaraztea eta enpresei horiek barneratzen laguntzea da maiatzaren 3an Arrasateko Garaia Berrikuntza gunean egingo den jardunaldiaren helburua: “Nola egin aurre arrakastaz Estatuak eta Europar Batasunak legedian eta teknologietan aurreikusitako nobedadeak indarrean jartzearen ondorioz etorriko diren aldaketa teknologiko eta administratiboei”.

Hona hemen aldaketa horietako batzuk: Europako 910. Araudian hainbat nobedade sartuko dira indarrean identifikazio elektronikoari eta salerosketa elektronikoei buruz; halaber, indarrean sartuko da 39/2015 lege berria, Administrazio Prozedura Erkideari eta Araubide Juridikoari buruzkoa; eta baita ere 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, administrazio publikoarekiko komunikazioetan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duena.

Saio informatiboaren antolatzaileek azpimarratu dute enpresetako departamendu ugarik nabarituko dituztela aldaketa horiek, esaterako Administrazioak eta Kontabilitateak, Lege arloak, Informatikak eta Langileen arloak. Horrez gain, orobat aldatuko da zerbitzu digitalak eskaintzen dituzten arduradunen lana. Datozen hilabeteetan indarrean sartuko diren legeek ondorioak izango dituzte alderdi hauetan: Foru Ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko harremanetan, burofaxetan (lege jakinarazpenak bidaltzeko prozedura berriak iritsiko dira), faktura digitalen zigilu elektronikoetan, eta identifikazio elektronikoko prozesu berrietan.

Doako jardunaldi hori goizeko 10:00etatik 12:30etara izango da, eta 910. Araudiko nobedadeak landuko dira nagusiki: salerosketa elektronikoen ziurtagiriak, identifikazio elektronikoa eta jaso izanaren lege-adierazpenaren “entrega elektronikoa”. Era berean, ezagutzera emango dira IZENPEk zigilu digitalerako garatu dituen konponbideak eta enpresek erabiltzen dituzten ziurtagiriak, eta hizpide izango dira administrazio publikoekiko harremanetarako identifikazio elektronikoa, e-delivery, eta jaso izanaren lege-adierazpena duten entrega elektronikoak. Izen-ematea posta elektroniko honen bidez egin daiteke: aorobengoa@iseamcc.net.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow