IKTen sektorea hazi egin da bigarren urtez jarraian

13 abendua, 2016
ONTSIren txostenaren arabera, sektoreak %8,5eko hazkundea izan du 2015ean.

Euskadi Estatuko hirugarren postuan dago fakturazioari eta inbertsioari dagokienez.

 

2015ean IKTen eta Edukien sektoreko enpresek %8,5 handitu zuten beren negozio zifra, hots, ia 98.000 milioi euro Estatu osoan; Euskadin, berriz, sektoreak 2.311 milioi euro fakturatu zituen, Madril eta Katalunia baino ez dituelarik aurretik. ONTSIren (Telekomunikazioen eta Informazio Gizartearen Espainiako Behatokia) IKTen eta Edukien sektoreko urteroko txostenetik ateratako datu horiek erakusten dute sektorea hazi egin dela bigarren urtez jarraian, buelta eman zaiolarik 2009 eta 2013 bitartean izandako ziklo negatiboari.

 

Txostenak baita ere erakusten du gainerako adierazle nagusiak ere hazi egin direla. Inbertsioa da iaz gehien hazi zen indizea: %15,2ko hazkundea izan zuen Estatuan, eta ia %20koa IKTen azpi-sektorea bakarrik kontuan hartuz gero. Euskadi da gehien inbertitzen duen hirugarren autonomia erkidegoa, guztizkoaren %4,1. 2015ean hazi egin zen orobat IKTen eta Edukien sektoreko enplegu sorkuntza, %6,1, eta gaur egun, 453.575 lanpostu daude Estatuan. Enpresa kopuruak ere %4,2 egin zuen gora, 32.103 konpainiara iristeraino.

 

Sektorearen barruan, IKTen jarduera da negozio bolumen handiena duena alde handiz. Guztizkoaren %84,2 ordezkatzen du, ia 82.500 milioi euro eta 354.480 enplegu sortzen dituelarik Estatu osoan. Fakturazioa bi arlotan hazi da gehien: jarduera informatikoetan eta handizkako merkataritzan; aitzitik, telekomunikazioen adarrak %1,8ko jaitsiera izan zuen 2015ean.

 

Bestalde, Edukien sektoreko enpresak %1,6 ugaritu ziren, 9.579 konpainia izateraino, eta %2,8 enplegu gehiago sortu zituzten, 99.095 lanposturaino. Hala ere, inbertsioa %6,1 jaitsi zen azpi-sektore horretan, 2014koarekin alderatuta. ONTSIren atariko txostenean jasota daude, bai datu horiek eta bai IKT eta Edukien sektoreak 2015ean izandako bilakaera jarduera motaren arabera.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow