Abian da Buber Sarien edizio berri bat

10 azaroa, 2016
Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 24an egingo da.

Proiektu teknologikoak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 14ra arte.

 

Martxan da dagoeneko Buber Sariak txapelketaren 14. edizioa. Sariketa horrek aitortza egiten die urtero Euskadiko web, blog eta aplikazio onenei. Internet & Euskadi elkarteak bultzatutako ekimen horrek helburutzat du balioan jartzea enpresek, pertsonek eta antolakundeek Informazio Gizarteranzko bidean egiten duten ahalegin berritzailea.

 

Aurten bederatzi kategoriatako sariak banatuko dira: Euskarazko web edo proiektu onenak, Software Librea, Gastronomia eta Turismoa, Hiritarren parte-hartzea, Lehen Sektorea-Nekazaritza / Makina-erreminta eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza, Nazioartekotzea / Enpresa eta Arlo Soziala. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 14ra arte, eta izena emateko Buber Sarien web orrira sartu behar da. Sariketara aurkeztu daitezke partikularrek, enpresek edota antolakunde eta erakunde publikoek bultzatutako euskal proiektuak.

 

Proposamenak aurkezteko epea itxitakoan, bozketa fasea irekiko da azaroaren 20ra arte; epe horretan, edonork balora ditzake kategoria bakoitzeko proiektu onenak, aldez aurretik txapelketaren atarian erregistratuta. Boto gehien jasotzen duten hautagaitzak finalista bihurtuko dira, eta ondoren, Interneten munduan eta teknologia digitaletan adituak diren 10 lagunez osatutako epaimahai batek kategoria bakoitzeko irabazleak hautatuko ditu.

 

Irabazleak azaroaren 24an emango dira ezagutzera Buber ekitaldian, Bilboko Itsas Museoan. Ekitaldi horren barruan, Datorrena 2017 hitzaldiak egingo dira, hizlari ariko direlarik Monika Mediavila, profesionalentzako IkasRoom prestakuntza espazioko kidea; Luis Javier Pérez, About Basque Country web espaziokoa; Asier Alea, Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapen eta Turismo zuzendaria; Ander Toña, Euskadiko Kutxako onlineko komunikazio arduraduna; eta Natalia Pérez, ikus-entzunezkoen eta sorkuntzaren alorreko Koalak Studios produkzio-etxeko kidea. Topaketarako sarrera doakoa izango da aldez aurretik izena eman bada.

 

Buber Sariak 2000. urtetik antolatzen dira, eta helburutzat dute Euskadin sortutako proiektu teknologikoak, webak, blogak eta aplikazioak sustatzea. 2015eko edizioan Ulma, Orkestra, Domeinuak, Irontec, Womansarea, HunkyDoryLab, Enekosukaldari, 12Nubes eta CoArtDonostia ekimenak izan ziren sarituak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow