Donostia eta Tecnalia Europako OptEEmAL proiektuan parte hartzen ari dira

15 iraila, 2016
OptEEmAL ekimenak plataforma bat sortuko du hiri-guneetako portaera energetikoa hobetzeko.

Ekimen horrek auzoen birgaitze energetikorako konponbideak eskainiko ditu.

 

OptEEmAL proiektuak, Europako 13 bazkidez osatutako partzuergoak, helburutzat du auzoen energia eraginkortasuna hobetzea, kostua murrizten eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzen duten konponbideak eskainiko dituelarik diseinu, kudeaketa eta mantenimendu arloetan. Duela urtebete jarri zen abian, eta 2019ko martxoan amaituko da.

 

OptEEmAL ekimenaren helburu nagusia da plataforma bat garatzea birgaitze energetikoko proiektuak diseinatzeko. Plataforma horretan konponbideak eskainiko dira auzo baten portaera energetikoa holistikoki hobetzeko, eta orobat eskainiko dira diagnostikoak egiteko eta irizpide desberdinen araberako (energia, kostua, inpaktu soziala) eszenatokiak sortzeko tresnak. Asmoa da plataformak informazioa eman dezala ez bakarrik eraikinen birgaitze prozesuan, baina baita ere fase operatiboan eta mantenimendu fasean.

 

Proiektuaren inpaktuari dagokionez, OptEEmAL ekimenak espero du, energia optimizatzeko jasotako neurriei esker, birgaitze proiektuen kostuak %19 murriztuko direla diseinu fasean, eta %25 fase operatiboan. Gainera, konponbide horiei esker merkatuko lehiakortasuna hobetuko da, eraikuntzaren sektorea indartuko da Europa mailan, eta lanpostu berriak sortuko dira. Inpaktu sozialari dagokionez, helburua da auzoetako biztanleak inplikaraztea erabakiak hartzeko prozesuetan, bizi-kalitatea hobetzeko birgaitutako hiri-espazioan.

 

Lehen fasean prototipoak egingo dira dagoeneko martxan dauden birgaitze proiektuetarako, baina ekimenaren azken fasean, benetako eragileek erabiliko dute plataforma birgaitze-proiektu integralak garatzeko. Ekintza horiek hiru auzotan egingo dira, besteak beste, Donostiako Txomin Enean.

 

OptEEmAL ekimenak Europar Batasunaren finantzaketa du Horizon 2020 programaren bitartez. Cartif enpresak lideratzen du proiektua, eta, Donostiako Sustapena eta Tecnaliaz gain, Europako zortzi herrialdetako beste hamar bazkidek ere parte hartzen dute.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow