Sales Industry, marketina eta salmentak integratzen dituen estrategia digitala

1 otsaila, 2018
Marketin estrategiaren kartela.

 

SPRI Taldeak topaketa bat antolatu du enpresa industrialetako arduradunentzat

Industria sektoreko marketin eta salmenta sail askok guztiz modu independentean funtzionatzen dute, estrategia bateraturik gabe. Overalia enpresako zuzendari nagusi Guillermo Vilarroig-ek azaldu bezala, aukera komertzial garrantzitsuak galtzen dira lan egiteko modu hori dela medio. “Esperientzia zabala bildu dugu enpresa industrialekin lan eginez, eta ikusi dugu askotan marketina eta salmentak elkarrengandik oso urrun dauden munduak direla”, adierazi du Vilarroig-ek, “onlineko eta offlineko marketin kontzeptuak ahaztu behar ditugu eta dena estrategia bakarrean integratu, eraginkortasun handiagoa izan nahi badugu”.

 

Otsailean, SPRI Taldeak Sales Industry, nola uztartu estrategia digitala enpresa industrialetako merkataritza-plan tradizionalarekin izeneko topaketa antolatuko du Enpresa Digitalaren bitartez. Guillermo Vilarroig-ek eskainiko du jardunaldia, zeinaren helburu nagusia baita giltzarri batzuk ematea marketinerako eta salmentarako estrategia digital bat aplikatzeko enpresa industrialetan.

 

Overalia enpresako arduradunaren arabera, sektoreko konpainia askok webera eta SEO posizionamendura mugatzen dituzte marketin digitaleko ahalegin guztiak, eta ez dituzte konektatzen gainerako merkataritza ekintzekin. “Erakutsi nahi dugu nola lan egin behar den merkataritza sailak eraginkorragoak izan daitezen eta estrategia digitalean integratuta egon daitezen” dio Vilarroig-ek “eta horretarako, bultzatu nahi ditugun aldaketen ikuspegi global bat eduki behar da, eta urratsak eman norabide horretan, eskura ditugun bitartekoak kontuan hartuta”.

 

Topaketan zehar hainbat giltzarri emango dira bezeroen profil pertsonalizatuak definitzeko, datu-baseak ongi egituratu eta segmentatzeko eta ekintza tradizionalak –azokak eta ekitaldiak- ere estrategia digitalean integratzeko. Jardunaldiaren azken helburua da enpresei laguntzea beren marka-irudia proiektatzen, lehiakideen gainetik agertzen eta, funtsean, bezeroak atzemateko sistema hobetzen.

 

Jardunaldia otsailaren 13an egingo da Bizkaiko Teknologi Parkean, otsailaren 22an Arabako Teknologi Parkean, eta hilabete beraren 28an Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Topaketa dohainik da, eta bereziki zuzentzen zaie konpainia industrialetako zuzendari nagusiei nahiz merkataritza sailetako arduradunei.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow