Preskriptor espazioak agente komertzialaren figura berrasmatu du

3 October, 2016

Plataforma berri horrek osagai sozial bat ere badu.

 

Preskriptor espazioa topagune bat da markentzat, erosleentzat eta zerbitzuak eta produktuak gomendatzen dituzten pertsonentzat. Proiektua azken figura horretan zentratzen da, hots, preskribatzaileengan, horiek baitira enpresekin kolaboratzen dutenak eta enpresak eta balizko bezeroak elkarrekin konektatzen dituztenak. Gainera, atariak osagai sozial bat ere badu, aukera eskaintzen baitu komisioaren zati bat edo komisio osoa irabazi asmorik gabeko erakundeei emateko.

 

Preskriptor espazioa oraintsu sartu da merkatuan bi euskal ekintzaileren eskutik: Sabin Arana eta Alfredo Zalaya. Sabin Aranak dioenez, espazioa sortu zen “arazoak dituzten pertsonei laguntzeko”. “Funtsean, erosteko, saltzeko eta gomendioak egiteko atari bat da, baina badu balio erantsi bat, aukera ematen baitu behar duenari laguntzeko”.

 

Sistema horren bidez, edonor bihurtu daiteke agente komertzial inguruko enpresa txikientzat. Izena ematean, preskribatzailea gomendatzaile bihurtzen da dagoeneko plataforman erregistratuta dauden konpainientzat, eta ezagutzen badu produktu edo zerbitzu batean interesaturik dagoen norbait, harremanetan jartzen ditu bi alderdiak. Salerosketa egiten bada, salmentaren portzentaje txiki bat jasotzen du. “Edonor izan daiteke preskribatzaile: langabetuak, autonomoak, ikasleak, erretiratuak…” azaldu du Aranak.

 

Enpresentzat erakusleiho bat da beren zerbitzuak ezagutarazteko, eta aukera ematen die balizko bezero nitxo berrietara iristeko. Bestalde, kontsumitzaileek merkeago eskuratu ditzakete produktuak, konpainia guztiek deskontu portzentaje bat eskaintzen dutelako (enpresek eurek ezarria). Deskontu horren erdia amaierako bezeroarentzat da, eta gainerako %50a preskribatzailearen eta plataformaren artean banatzen da. Preskribatzaileek eta enpresek urteko kuota bat ordaintzen dute plataforman egoteagatik, baina saltzen badute bakarrik.

 

Espazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen 2015eko Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko programaren bitartez, formula berritzaile bat eskaintzen duelako finantzaketa-iturriak lortzeko eta aukera ematen dielako baliabide gutxi duten pertsonei –langabetu edo ikaslei- irabazi ekonomiko txikiak berenganatzeko. Plataforma irailaren 29an aurkeztu zen Bilboko BEAZ Enpresa eta Berrikuntza Zentroan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow