Mr. Google-n ahalmena: merkataritza elektronikoaren giltzarriak

19 maiatza, 2016
Ikastaroa Bilbon izango da ekainaren 27tik 29ra.

UPV/EHUren Udako Ikastaroetako programaren barruan, onlineko salmentari buruzko jardunaldiak egingo dira ekainean.

Merkataritza elektronikoa dagoeneko hedatu da ondasunak eta zerbitzuak saltzen dituzten ia sektore guztietara, eta hazteko aukera handiak eskaintzen dizkie tamaina guztietako enpresei, merkatu berrietaranzko leihoak irekitzen dizkielako. Hala ere, oraindik zabaltzen ari den esparru bat da, eta, beraz, ezezaguna da enpresa askorentzat, zeren onlineko denda bat irekitzeko, produktuen Interneteko salmentaz gain, beste alderdi asko hartu behar baitira kontuan.

Ekainaren 27tik 29ra El poder de Mr. Google IV: e-commerce, estrategias y herramientas para vender online topaketa antolatuko da Bilbon, UPV/EHUren Udako Ikastaroetako programaren barruan. Ikastaro hori merkataritza elektronikoaren munduan sartu nahi duten guztiei zuzentzen zaie, eta askotariko alderdiak landuko ditu, hala nola: SEO, salmenta estrategien planifikazioa, merkatu digitalaren ezaugarriak eta erabiltzaile esperientziaren garrantzia.

Hiru egun horietan hizlari arituko dira merkataritza elektronikoaren arloko zazpi aditu, bakoitza ikuspegi desberdin batetik. Hizlari horien artean daude: Virginia Aguirre, estrategia digitaleko aholkularia eta prestatzailea; Adam Barnes, Vueling atariko Onlineko Marketin zuzendaria; Xosé Castro Roig, copy sortzailea eta telebista aurkezlea; eta Rafael Diez Varela, SEO espezialista. Asmoa da negozio bat sortzeko elementu garrantzitsuenak jorratzea, gainera, parte-hartzaileei funtsezko hainbat tresna eskainiko zaizkie logistikarako, plataformetarako eta merkataritza elektronikorako eduki espezifikoak sortzeko.

Ikastaroa Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da, eta programa nahiz izen-emate inprimakia eskuragarri daude jardunaldien atarian.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow