Osasunaren kudeaketarako Inithealth plataforma eskumuturreko adimendunekin sinkronizatzen da

11 February, 2015

Init euskal enpresa taldea akordio batera iritsi da Fitbit, Withings eta Jawbone konpainiekin, beren eskumuturreko eta balantza adimendunak Inithealth plataformarekin sinkronizatzeko. Hala, posible izango da jarduera fisikoaren eta beste hainbat daturen (adibidez bihotzaren erritmoa edo pisua) monitorizazioa integratzea Init enpresak garatutako osasunaren kudeaketa pertsonalizatuko zerbitzuan.


Inithealth osasuna kudeatzeko plataforma bat da, aukera ematen duena toki bakar batean biltzeko historial medikuari buruzko informazio pertsonala, tratamendu edo gaixotasunen jarraipena eta askotariko neurketak: pisua, arterietako tentsioa, nutrizioa edota jarduera fisikoa. Bilbon kokatutako Inithealth enpresa akordio batera iritsi da bere plataforma eskumuturreko adimendunak egiten dituzten hiru markekin sinkronizatzeko. Hala, wearable gailu horiek erregistratzen duten informazioa automatikoki integratuko da Inithealth plataforman.

Fitbit eta Jawbone enpresa iparramerikarrenak eta Withings frantsesarenak dira eskumuturrekoak. Fitness eta ongizatea monitorizatzeko gailu horiek denbora errealean erregistratzen dute jarduera fisikoari buruzko informazioa: erretako kaloriak, bihotzaren erritmoa eta lo orduak, besteak beste. Akordioa sinatu ondoren, datu horiek automatikoki sartu ahal izango dira Inithealth plataforman, zeina sinkronizaturik egongo den baita ere hiru enpresa teknologikoek garatutako beste gailu adimendun batzuekin, hala nola balantzekin eta tentsiometroekin.

Inithealth zerbitzua marka zuri gisa eskaintzen da web plataforman eta sakelako aplikazio modura aseguru konpainientzat, enpresentzat eta osasun pertsonala kudeatzen duten kolektibo profesionalentzat. Init euskal enpresa taldearen proiektu hau ekintzailetza sozialari laguntzeko Momentum Project programa barruan hautatu zuten 2014an, eta aurtengo urtarrilean bere jarduera hedatzeko inbertsio bat jaso du Momentum Social Investment funtsetik.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow