Orkestrak Euskadiko Ekonomia Digitalaren Txostena aurkeztu du

16 urtarrila, 2018
Topaketaren kartela.

 

Azterlanak hizpide hartu ditu digitalizazio prozesua eta bere inpaktu sozioekonomikoa

Ekonomia digitala indarrez sartu da jarduera sektore guztietan, hala enpresa arloan, nola ekonomian eta baita ere gizartean. Euskadiren kasuan, industriaren pisuak markatutako ekonomia bat denez, hainbat erronka dauzka ez bakarrik 4.0 Industriaren arloan, baina baita ere lan merkatuan, erakunde publikoei dagokien paperean eta gizartearen digitalizazioan.

 

Erronka horiei erantzuteko, Orkestra – Lehiakortasunaren Euskal Institutuak eta Euskaltel enpresak Euskadiko Ekonomia Digitalaren Txostena egin dute. Txosten horrek hizpide hartu du Euskadiko digitalizazio prozesua, hau da, zein puntutan dagoen eta nola egin diezaiekeen aurre etorkizunean izango dituen erronkei. Neurketa bat ere egin du, jakiteko zein kokapen duen Euskadik Europako beste herrialde batzuen aldean, horretarako abiapuntutzat hartu duelarik Europako Batzordearen Gizarte eta Ekonomia Digitalerako Indizea.

 

Azterlana urtarrilaren 31n aurkeztuko da Bilbon, Deustuko Unibertsitateko La Comercial eraikinean. Jardunaldian zehar ezagutzera emango dira txostenak euskal gizartearen eta ekonomiaren digitalizazioari buruz aztertu dituen alderdi garrantzitsuenak. Egitarauaren barruan hainbat hitzaldi eskainiko dira aditu ezagunen eskutik, hala nola: Anna Armengol-Torío, Europako Batzordeko Komunikazio, Sare, Eduki eta Teknologien Zuzendaritza Nagusiko kidea edota Agustín Zubillaga, Orkestrako ikerlaria eta txostenaren emaitzak aurkeztuko dituena.

 

Topaketan orobat parte hartuko du Yih-Jeou Wang jaunak, Danimarkako Finantza Ministerioaren Digitalizazio Agentziako aholkulari nagusiak. Danimarka Europako erreferente nagusia da bere digitalizazio prozesuagatik. Hitzaldian Danimarkako esperientzia partekatuko da eta aukera paregabea izango da martxan jarri dituzten politikak eta ekimenak ezagutzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow