Nola sortu zeure blog korporatiboa

20 abendua, 2016
Bertaratuek ikasiko dute nola erabili wordpress beren negozioan.

SPRIk doako bi ikastaro antolatu ditu marketineko tresna hori aprobetxatzen ikasteko.

 

Blog korporatiboa oso tresna baliagarria da gure negozioari ikusgarritasuna emateko eta gure bezeroekin konektatzeko. Dena den, hainbat giltzarri ezagutu behar dira espazio hori behar bezala sortu eta kudeatzeko, lortu nahi diren irakurleak lortzeko eta benetako balio erantsia sortzeko. Helburu horrekin, SPRI Taldeak doako bi ikastaro antolatu ditu datorren urtarrilean Donostian eta Bilbon. Tailerrek metodologia praktikoa izango dute, eskura dauden tresnak erraz erabiltzen ikasteko.

 

Hauxe da lehen ikastaroa: Blog korporatiboen hastapenak marketineko estrategia bezala. Saio horren bidez ezagutzera emango dira blog on bat sortzeko aldez aurretik jakin behar diren zenbait kontzeptu, hala nola, enpresako sail guztiekin koordinatutako komunikazio estrategia eta gure irakurleak atzemateko eta leialtzeko formulak. Tailerrean parte-hartzaile guztien artean aztertuko dira blog korporatiboen hainbat adibide, edukiak egiteko jardunbide egokiak eta jarraitzaileekiko elkarrizketa sustatzeko formulak. Bertaratuek baita ere ezagutuko dituzte blogak bilatu eta irakurtzeko aplikazioak eta gure posizionamendua hobetzeko giltzarriak.

 

Bigarren saioa wordpress tresnari buruzkoa izango da, eta ikasitakoa praktikan jarriko da, edukien kudeaketarako sistema hori erabiliz. Ikastaro horren helburua da wordpress erabiltzen ikastea eta tresnaren funtzionaltasun nagusiak ezagutzea blog administratzailearen ikuspegitik. Horregatik, ikastaroak elkarrekiko independenteak diren arren, gomendagarria da aldez aurretik lehen saioa egitea, bigarrenari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko. Bigarren saioko egitarauan ariketa praktikoak daude kontua kudeatzeko, bloga pertsonalizatzeko eta konfiguratzeko, widget nagusiak aukeratzeko, post-ak argitaratzeko eta estatistikak monitorizatzeko.

 

Ikastaro horiek bereziki zuzentzen zaizkie beren negozioa sustatzeko blog korporatibo bat sortu nahi duten mikro-enpresei edo autonomoei. Saioak urtarrilaren 3an eta 4an egingo dira Alderdi Ederreko KZgunean (Donostian) eta Bilboko KZgunean. Ikastaro bakoitza bi ordukoa da, eta dagoeneko zabalik dago bi saioetan izena emateko epea.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow