Nola prestatu zure enpresa Datuen Babeserako Europako Araudiari egokitzeko

21 abendua, 2017
Pertsona bat kreditu txartelarekin eta sakelako telefonoarekin.

Arau berria 2018ko maiatzean sartuko da indarrean

 

Bi urte igaro direlarik Europako Legebiltzarrak onartu zuenetik, datorren maiatzaren 25ean sartuko da indarrean Datuen Babeserako Araudi Orokor berria. Europar Batasunak bultzatutako araudi horrek helburutzat dauka datu pertsonalen babesa bermatzeko estandarrak zorroztea aro digitalean.

 

Hona hemen araudiak berekin dakartzan nobedade batzuk: ahanzturarako eskubidea, datu pertsonalak zuzenduz edo ezabatuz, eta pertsonaren baiezko baimen argia behar izatea bere datuak tratatzeko. Europako araudiak orobat jasotzen du norbere datuak beste zerbitzu-hornitzaile batera eramateko eskubidea edota pribatutasun klausuletan hizkera argi eta ulergarria erabiltzeko eskubidea. Eskubide horiek zuzeneko eragina dute erabiltzaile eta bezeroen datu pertsonalak Internetez erabiltzen dituzten enpresetan.

 

SPRI Taldeak Egokitu zure enpresa datu pertsonalak babesteko legedira ikastaroa antolatu du, ETE eta profesional autonomoek hobeto ezagutu ditzaten beren eskubide eta betebeharrak araudi aldaketa honen aurrean. Edozein sektoretako enpresek parte har dezakete prestakuntza-jardunaldi horietan, zeintzuen helburua baita datuen babeserako legedia berria ezagutaraztea modu argi eta praktikoan.

 

Ikastaroa doan izango da, eta bi zati izango ditu. Parte-hartzaileek aukera izango dute datuen babesaren arloan bete beharreko oinarri legala ezagutzeko, eta hainbat alderdi praktiko landuko dira gero: nola idatzi klausula informatiboak araudi berriaren arabera; nola eman Datuen Babeserako Agentziari enpresako fitxategien berri edota zer diren DEZEA eskubideak (datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkaratzeko eskubideak). Orobat ezagutzera emango dira enpresaren webean, merkataritza elektronikoan eta e-posta bidezko marketin kanpainetan bete beharreko lege-eskakizunak.

 

Ikastaroaren hurrengo edizioak urtarrilaren 9an (Bilboko KZgunea Zentroan) eta 17an (Donostiako Alderdi Eder KZgunea Zentroan) egingo dira. Saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du eta SPRI Taldearen atarian eman behar da izena.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow