Mondragon Unibertsitateak eta Batura Mobile enpresak aplikazio mugikorrei buruzko master bat abiarazi dute

14 September, 2017

Prestakuntza-programa horrek diseinu, garapen eta marketin moduluak barne hartzen ditu.

 

Aplikazio mugikorren sektorea etengabe hazten ari den merkatua da ekonomia digitalaren barruan. Online ematen dugun denboraren erdia baino gehiago aplikazioak erabiltzen igarotzen dugu, smartphone bidezko erosketen hazkundea eCommerce tradizionalarena baino ia hiru aldiz handiagoa izan da, eta mugikor bidezko marketinean eginiko inbertsioa %38 hazi da. Kopuru horiek erakusten dutenez, aplikazio mugikorretan oinarritutako produktu eta zerbitzu berrien eskaera etengabe hazten ari da. Hala ere, enpresa teknologikoek ez dute beti aurkitzen eskaera horri erantzuteko gai den talentua.

 

Mondragon Unibertsitateak eta Batura Mobile enpresa bizkaitarrak prestakuntza eskaintza berri bat jarri dute martxan merkatu nitxo horretara zuzendurik: Aplikazio Mugikorrei buruzko Masterra. Urrian hasiko da Bilbao Berrikuntza Faktoria espazioan. Programa berri horrek 10 hilabeteko iraupena izango du, eta bere helburua da beharrezko ezagutzak eta gaitasunak ematea, parte-hartzaileek aplikazio mugikorren diseinu, garapen eta marketineko ikuspegi integrala izan dezaten.

 

Masterra erdi-presentziala izango da, hau da, onlineko 100 ordu eta 200 ordu presentzial izango ditu. Ikuspegia praktikoa da nagusiki, hau da, ikasleek sektoreko enpresen benetako erronkak eta premiak konpondu beharko dituzte, eta irakasle gehienak jardunean dauden profesionalak dira. Programak hiru modulu izango ditu: lehenengoa, Android eta iOS sistema eragileentzako aplikazioen garapenean zentratuko da; bigarrena, UX eta UI arloetan (erabiltzailearen esperientzia eta erabiltzailearen interfazea) oinarritutako diseinuari buruzkoa izango da; eta hirugarrenak mugikor bidezko marketina izango du ardatz.

 

Prestakuntza programa hau ekonomia digitalarekin zerikusia duten profesionalei zuzentzen zaie, bai eta titulua lortu berri duten eta konponbide mugikorren merkatuari buruzko ezagutza teoriko eta praktikoak barneratu nahi dituzten gazteei. Masterra urritik apirilera egingo da, uztailean entregatu beharko da amaierako lana, eta aukera emango die ikasleei sektoreko enpresetan praktikak egiteko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow