METAPOSTAk postontzi seguruko zerbitzu berriak aktibatu ditu: METABOX enpresentzat eta METAFAKTUR fakturazio elektronikoa egiteko

29 January, 2015

Metapostak ia 60.000 harpidetza eta 100 igorle ditu, eta 3,5 milioi bidalketa egin ditu

Euskadiko Agenda Digitala 2015 programaren barruko zerbitzu bat da, enpresa eta partikularrei lainoko kutxa gotor bat eskaintzen diena, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du SPRIren bitartez.


Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez bultzatzen duen METAPOSTA sozietatea kapital publiko-pribatuko ekimen bat da, zeinak posta elektronikoko eta kutxa gotorreko zerbitzua eskaintzen baitie lainoan euskal enpresa eta partikularrei. Orain, METAPOSTA sozietateak zerbitzu berriak diseinatu eta abirazi ditu Metaposta postontziaren esparruan. METABOX eta METAFAKTUR dira, segurtasuneko eta konfidentzialtasuneko berme guztiak eskaintzen dituzten tresna berri bi alegia. Urrats horrekin aurrera goaz Euskadi digitaleranzko bidean, eta aitzindari izango gara lainoko zerbitzu seguru horretan.

METABOXek postontzi bat eskaintzen du enpresa bakoitzarentzat; enpresak alta eman diezaieke bere hartzaile guztiei modu global, erraz eta masiboan, eta hala, aukera dago modu seguru eta konfidentzialean bidali beharreko dokumentuak trukatzeko, dela enpresa barnean (langileen artean) edo dela kanpoan (bezero eta hornitzaileekin). Postontziak komunikazio segurua eta biltegi zerbitzua eskaintzen du, eta  langile, bezero edo hornitzaile bakoitzaren postontzi partikularrean gordetzen ditu dokumentuak. METABOXen xedea komunikazio pertsonal eta segurua da, eta METAFAKTUR aplikazioak, berriz, Fakturazio elektronikoko eta Zaintza Legaleko zerbitzuak ematen ditu.  METAFAKTURen filosofia Metabox-en berbera da, baina kasu honetan alta ematen zaio fakturak trukatzen dituen kolektibo osoari, aukera emanez fakturak bidaltzeko eta enpresa, bezero edo hornitzaile bakoitzaren postontzi partikularrean modu seguru eta konfidentzialean gordetzeko.

Bestalde, etengabeko hobekuntzak egin dira eta METAPOSTAk dauzkan 60.000 harpidetzei eragiten dieten zerbitzu berriak bultzatu dira. Alde batetik, hainbat automatismo erantsi dira eta gainera aukera dago erabiltzaileen artean karpetak partekatzeko eta sinkronizatzeko.

Bestetik, azken urte honetan METAPOSTA zerbitzuak smartphone-etarako aplikazio moderno bat jarri du abian Android, Windows eta iOS sistema eragileentzat.  Aplikazio horretatik web klasikoan egin daitezkeen ekintza guztiak egin daitezke eta dispositiboaren kamerarekin ateratako argazkiak ere zuzenean postontzira igo daitezke. Oso baliagarria da esaterako erosketa tiketak berme edo egiaztagiri gisa gordetzeko.

Gainera, sinadura elektronikoaren erabilera hedatu ahala enpresa arloko aukerak ere ugaritu egin dira, beraz, zerbitzu honek mundu mailako eskaintza onenetako bat dauka.

Azpimarratzekoak dira jakinarazpen elektronikoak, jabetza industrial eta intelektualaren egiaztapenen tratamendua, bermeen kudeaketa eta dokumentuen zaintza legala (ezinbestekoa fakturazio elektronikorako), titulazioak edo prestakuntza-ziurtagiriak eta hainbat motatako kontratuak.

Funtzio berri horietan oinarriturik, Metaposta zerbitzuak proiektu interesgarriak abiarazi nahi ditu enpresa industrial handiekin, prestakuntza-zentroekin, medikuntzaren inguruan mugitzen diren sozietateekin, Teknologi Parkeetako enpresekin eta hainbat enpresa pribaturekin, Administrazioa -bere maila guztietan- ahaztu gabe noski.

Horregatik, METAPOSTA punta-puntan kokatuta dago “safebox” zerbitzuak eskaintzen dituzten nazioarteko enpresen artean, eta bere helburua da epe ertainean bere burua guztiz finantzatzea, zerbitzuak hobetuz eta erabiltzailearentzat dohainik izaten jarraituz.

Une honetan, Metaposta zerbitzuak 60.000 harpidetza eta 100 igorle baino gehiago ditu (Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, Euskadiko Kutxa, Eitb, Osakidetza, Euskaltel, Iberdrola, Teknalia…), 3,5 milioi bidalketa egiten ditu (fakturak, kontratuak, osasun arloko dokumentazioa, aseguruak, dokumentazio akademikoa, mediku probak, testamenduak, e.a.) eta 6,5 milioi dokumentu gordetzen ditu (%1,5 digitalki sinatuak eta denbora zigiluarekin). Urtebetez bere produktu eta zerbitzuak berregituratu eta egokitu ondoren (bai erabiltzaileentzako funtzioen arloan eta baita ere enpresei eskainitako zerbitzuetan), orain Metaposta hedapen prozesuan dago bete-betean.

 METAPOSTAri BURUZ

Metaposta Informazio Gizartearen garapenarekin konprometituta dauden erakunde publiko eta pribatuek partaidetutako sozietate bat da, eta proiektu bat garatzen eta inplementatzen ari da Euskadiko Agenda Digitala 2015 ekimenaren esparruan postontzi eta kutxa gotor elektronikoak sortzeko Interneten.

Metapostak sistema informatiko bat ustiatzen eta kudeatzen du; zerbitzuan interesatutako erakundeak konektatzen direnean, aukera ematen du informazioa modu seguru eta zertifikatuan bidaltzeko, eta erabiltzaileek Metapostaren sistemaren ingurunean sortutako Interneteko beren kontuetan jasotzen dute.

Erabiltzaile bakoitzaren postontzi elektronikoan jaso eta artxibatu daiteke Metaposta sistemari atxikitako enpresa eta erakundeek bidalitako dokumentazio guztia.

Gaztelaniaz:
https://www.youtube.com/watch?v=6GtYNGJ-AjI&feature=youtu.be

Euskaraz:
https://www.youtube.com/watch?v=t0Cx7_LQ24M&feature=youtu.be

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow