Euskal hiritarren erdiak baino gehiagok online erosten du

23 azaroa, 2016
Barometroaren emaitzak Ikusmer-en atarian daude.

18 eta 40 urte bitarteko pertsonen %75ak maiz erabiltzen du sarea erosketa kanal gisa.

 

Kontsumitzaileen ia %52k produktu edo zerbitzuren bat eskuratu du aurten Internetez, eta horietatik gehienek azken 3 hilabeteetan, gainera. Datu horiek Ikusmer-ek eginiko Euskal kontsumitzaileen barometroa 2016 txostenetik atera dira, eta erakusten dute online erosteko ohitura etengabe hazten ari dela. 2015ean portzentajea %42koa izan zen, eta 2009an berriz, %25ekoa.

 

Merkataritza Behatokiaren inkestak erakusten duenez, 18 eta 40 urte bitarteko lau lagunetik hiruk eskuarki erosten dute Internetez, eta modako produktuak edo osagarriak dira gehien erosten direnak, kasuen %45ean hain zuzen; atzetik dator bidaien sektorea, %28,6ko portzentajearekin. Liburuak eta oinetakoak hirugarren eta laugarren postuetan daude (%27 eta %26 hurrenez hurren), eta elikagaiak erosketen %15 dira.

 

Gráfica de consumo online por sectores.

Onlineko erosketa-portzentajeak sektoreka euskal kontsumitzaileen artean. Ikusmer.

 

Onlineko ordainketei dagokienez, kontsumitzaile gehienek (%76k) kreditu txartela aukeratzen dute, eta %16k bakarrik erabiltzen dute PayPal erosketak egiteko. Gainera, inkestatutako lau erosletik hiruk etxean jasotzen dituzte produktuak, eta %11k nahiago dute lantokian jasotzea. Inkestak erakusten du itzultzen den produktu kopurua ere hazi egin dela, zehazki, erosketaren bat egin duten pertsonen artean %33 dira zerbait itzuli dutenak, eta halaber hazi egin da itzulketekiko asebetetze maila.

 

Ikusmer marometroak jaso ditu baita ere kontsumo kolaboratiboari buruzko datuak, hau da, partikularren artean egiten den produktu edo zerbitzu salerosketari buruzkoak. Kontsumo mota hori ezagun egiten ari da euskal hiritarren artean, nahiz eta onlineko merkataritzako erabiltzaileen %16k bakarrik baliatu duten. Hauek dira gehien erabiltzen diren plataformak: Ebay (Internet bidez erosten dutenen %9k), Wallapop (%7k), Vibbo (%4k) eta Airbnb (%3k).

 

Euskal kontsumitzaileen barometroa Ikusmer-ek (Merkataritzaren Behatokiak) eginiko ikerketa bat da, eta helburutzat dauka Euskadiko kontsumo pribatuari buruzko informazioa ematea. Azterlanaren emaitzak erakundearen atarian daude, beste datu batzuekin batera: ondasunen kontsumo orokorra sektoreka, euskal kontsumitzaileen konfiantza, eta familien aurrezteko gaitasuna, adibidez.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow