Euskal biztanleen %74k baino gehiagok erabiltzen du Interneta

22 iraila, 2016
Euskadin, lau etxetik ia hiruk Interneterako konexioa dute. Irudia: Barnimages.

Portzentaje horren ia erdiak onlineko erosketaren bat egin du 2016ko lehen hiruhilekoan.

 

Eustat-ek eginiko azken txostenaren arabera, Interneten erabilera gero eta zabalagoa da Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen artean, adin tarte guztietan. 15 urte edo gehiagoko lau lagunetik ia hiru, zehazki %74,1, Sarearen erabiltzaileak dira, eta portzentaje hori 2,4 puntu hazi da 2015ekoarekin alderatuta. Gainera, datuen arabera, genero-etena murriztu egin da, eta Internet bidezko erosketa kopurua hazi egin da.

 

Sarearen erabilera 55 eta 64 urte bitarteko adin tartean hazi da gehien, 7,2 puntu iazkoarekin alderatuta, eta %74,4an kokatu da; ondoren 45 eta 55 urte bitarteko adin tartea dago, zeinak 5,8 puntuko hazkundea izan baitu eta %92,4an kokatu baita. Halere, euskal gazteak dira, zalantzarik gabe, Sarea gehien erabiltzen duen adin sektorea, 15 eta 24 urte bitarteko pertsona ia guztiak (%99) baitira erabiltzaile. Beste muturrean daude 65 urte edo gehiagoko pertsonak, tarte horretako pertsonen %22,5ak baizik ez baitu erabiltzen Interneta. Dena den, portzentaje hori %1,4 hazi da iazkoarekin alderatuta.

 

 

GraficoUsoInternet_Eustat2016_eu

Eustat. Informazio Gizarteari buruzko inkesta. Familiak.

 

Bestalde, murrizten doa pixkanaka sarearen erabileran gizon eta emakumeen artean zegoen aldea. 2015ean portzentajezko 8,3 puntukoa zen, baina 2016ko lehen hiruhilekoan 5,9 puntutan kokatu da. Gaur egun, gizonezkoen %77,1ek erabiltzen dute Internet, eta emakumezkoen %71,2k ere bai.

 

Onlineko merkataritza ere hazi egin da. Euskal biztanleen %45,6k erosketaren bat egin du Internetez 2016ko lehen hiruhilekoan (zifra hori %41,7koa zen 2014an). Bestalde, Euskadiko etxeetako IKT ekipamenduari dagokionez, Eustat-en datuek diote familien %70,1ek badutela ordenagailua, eta %74,1ek badutela Interneterako sarbidea. Azken zifra hori %93,5eraino igo da seme-alabak dituzten etxeen kasuan.

 

Azkenik, Interneten erabilera lurraldeka aztertuz gero, ikusten da Araba dagoela lehen postuan, biztanleriaren %76 konektatuta dagoelarik. Bizkaia dator atzetik, biztanleriaren %74arekin, eta ondoren Gipuzkoa, non 15 urte edo gehiagoko biztanleen %73,3k Internet erabiltzen baitu.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow