Marketin digitala, bide errazena negozioa handitzeko industrian

24 October, 2017
Aitor Cobanera, Indusmedia kongresuan.

SPRIk antolatutako Indusmedia 2017 kongresuak argi utzi ditu lehiakortasunaren “etorkizuneko palanka handitzat” jotzen den estrategia horren potentzialtasunak.

Eduardo Lorenzo adituak aipatu du langileek garrantzi handia dutela estrategia horretan. “Marka egiten laguntzen digute. Langilea da enpresaren branding-egile onena”.

 

Marketin digitala da lehiakortasunaren “etorkizuneko palanka handia” eta negozioa industrian handitzeko bide onena. Ideia horixe azaldu da Indusmedia 2017 ekitaldian, SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) Enpresa Digitala zerbitzuaren bitartez antolatutako eta enpresa industrialei zuzendutako marketin digitalari buruzko kongresuaren zazpigarren edizioan. Oronak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Hernanin) duen egoitzan eginiko ekitaldi horretan, non 200dik gora lagunek parte hartu duten, agerian jarri dira marketin digitalaren potentzialtasun handiak.

 

Aitor Cobanerak, SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, eman dio hasiera jardunaldiari, esanez marketin digitala Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategiaren barruan kokatzen dela eta harro dagoela Indusmedia kongresuaren arrakastaz, “kongresura datozen enpresa industrialen %85 berriro etortzen delako”.

 

Elyc Marketing aholkularitzako Eduardo Lorenzok argi adierazi du marketina ezinbestekoa izango dela industriaren etorkizunean. “Epe laburrerako tresna bat bihurtzen ari da; marka da etorkizuneko palanka handia. Berau da saltzeko bide erraz eta sinpleena. Brandinga marketineko tresna izatetik negozioaren plataforma estrategiko izatera igaro da.

 

Eduardo Lorenzok azpimarratu du langileek garrantzi handia dutela estrategia horretan. “Marka egiten laguntzen digute. Langilea da enpresaren branding-egile onena”. Horregatik esan du langileek motibatuta egon behar dutela. “Bestela, gainerako tresnek ez dute balio.  Gauzak egin nahi badituzu zure langileekin, kontzientzia eta aurrekontua behar duzu”.

 

Marketineko aditu horrek abisatu du aldaketak sortzen ari direla produktuen salmentan. “Enpresetako produktu erosketen arduradunak oso gazteak dira, askoz informatuago daude eta askozaz geroago elkarreragiten dute gure enpresarekin.

 

MJCachon enpresako María José Cachónek hizpide hartu du SEOren zeregina marketin digitalean. Esan du 2015. urteaz geroztik bilaketa gehiago egiten direla mugikorrez PC bidez baino, eta, “beraz, gure webek mugikorrei egokituta egon behar dute”. SEOren garrantzia azpimarratzeko, Cachónek esan du “gai dela trafikoa denboran mantentzeko. Googlen posizionatuta ez egotea erabakitzen duen enpresak mesede egiten die bere lehiakideei”.

 

Gomendatu du testuak ez eze bideoa edo irudiak bezalako formatuak ere txertatzea enpresetako webetan. “Eduki gehiago sor badaitezke hobeto, eta zenbat eta arinago kargatu ere, hainbat hobeto”.

 

Cachónek adibidetzat jarri ditu interneteko posizionamendua hobetzen duten hainbat web orri, hala nola https://es.semrush.com, zeinak informazio ugari emateaz gain lehiakideak ere aztertzen dituen. Pagespeed-ek webaren azkartasuna neurtzen du, eta akatsak nola konpondu ere esaten digu; hor dira halaber testmysite eta mobile friendly, funtsezkoa mugikor bidezko optimizaziorako.

 

Kasu arrakastatsu

Jardunaldian marketin digitaleko hiru kasu arrakastatsu ere aurkeztu dira. Carlos Expósitok, sarraila eta segurtasun sistemetan diharduen Tesa Assa Abloy enpresako marketineko zuzendariak, azaldu du bere negozioa ez dela zuzeneko salmentakoa, “baizik eta banatzaileen menpe gaude eta kontrol handiagoa nahi dugu. Urtean 16 milioitik gora giltza fabrikatzen baditugu ere, 10 urte barru ez da egongo giltzarik eta mugikorrarekin sartuko gara etxean”.

 

Esan du ingurunea oso aldakorra dela, eta, hortaz, “azkar erratu beharra” dagoela, “azkar ikasi eta erabakiak azkar hartzeko”. 2013an bere estrategia digitala ezarri zuenetik, Teslak bikoiztu egin du deskarga kopurua. “2018an %30 handituko dugu arlo digitaleko inbertsioa”.

 

Ikusi telekomunikazio enpesako Mikel Jaurrietak esan du bere enpresaren asmoa dela langile guztiek parte har dezatela marketin estrategian. Estrategia digitala finkatzeko, weba indartu beharra dago. “Asko zaintzen ditugu formularioak, eta tresna berri bat sortu dugu blogen bidez”. Erakundeko edonork darama gure marka, eta blogak balio digu gure langileek bertan idatz dezaten”.

 

Jaurrietak azpimarratu du testigantza-bideoen aldeko apustua, eta esan du langileek izan behar dutela enpresaren bozeramaile. “Lortu dugu 30 langilek parte hartzea bideoetan”.

 

Makina-erremintako Couth enpresako Mertxe Aguinagak esan du konpainiaren akziodunak aldatu zirenean indartu zela enpresako marketin digitala. “Ordura arte uste zen oso ezagunak ginela, jendeak gu bilatzen gintuela. Okerreko ustea da”. Marketin automatizatua ezarri genuen, “bere bitartez gure xede diren segmentuetara iristeko. Sistema ezarri eta handik sei hilabetera salmentak %20 hazi dira”, ordura arte konpainiaren fakturazioaren %5 baino ez zirenean.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow