Make World plataformak bere munduak zabaldu ditu programatzen ikasteko

27 apirila, 2016
Make World plataformak hezkuntza arloko eduki berritzaileak eskaintzen ditu STEM ikasgaiak ikasteko.

Europako proiektu baten barruan garatu da, Deustuko Unibertsitatearen gidaritzapean eta irakasle eta familientzako baliabideak eskaintzen ditu.

Make World plataforma mundu eta istorioez osaturik dago, eta mundu eta istorio horiek helburu bi hauekin erabiltzen dute jokoa: STEM ikasgaiekin (Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak) lotutako edukiak ikastea eta programazioaren oinarriak umeei hurbiltzea modu sinple batean.

Make World plataforman mundu bakoitzak erronka txiki bat aurkezten du 2D-ko taula batean, non pertsonaia batek hainbat ekintza egin behar baititu bere helburua lortzeko. Adibidez, erronka izan liteke erle bat mugiaraztea lore bat polinizatu dezan, edo humusa sortzea ura, orbelak eta sustraiak elkartuz. Istorioak gai komun baten arabera taldekatutako mundu-multzoak dira, hala nola, basoko biodibertsitatea, giza gorputza edo etxeko zabor birziklapena.

Istorio bakoitza joko bat bezala aurkezten da. Joko horretan hainbat erronka gainditu behar dira, besteak beste, eduki teoriko txikiak, galderak eta matematikako problema sinple batzuk. Helburua ez da bakarrik umeek jolastu dezatela, baita ere beren mundu eta istorioak sor ditzatela daudenak nahastuz edo berriak sortuz, gero komunitateko beste kideekin partekatzeko.

Plataforma MakeWorld

Make World plataforma.

 

Deustuko Unibertsitateak Grezia eta Poloniako erakundeekin batera zuzentzen duen proiektu honek Europako Erasmus+ programaren finantzaketa jaso du, eta 2014an hasi zen hezkuntzako baliabide berritzaileak sortzeko eta, bide horretatik, zientziak ikasi eta pentsamendu konputazionala garatzeko Lehen Hezkuntzan.

Hamarretik gora istorio eta 175 mundu biltzen dituen makeworld.eu plataformaz gain, proiektuak hezkuntzako beste baliabide batzuk ere garatu ditu ikasgelan erabiltzeko, hala nola Lehen Hezkuntzako irakasle eta familientzako gidak eta jardunbide egokiak. Edukiak eskuragarri daude euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, grekoz eta polonieraz.

Ekimen honetan parte hartu dute Bilboko Esclavas SC-Fátima ikastetxeak, Greziako Doukas eta Poloniako Warsaw Bilingual School Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eta Greziako CTI-Press zentro teknologikoak. Nahiz eta ofizialki proiektua aurtengo irailean bukatzen den, plataformak eta edukiak eskuragarri egongo dira irailetik aurrera ere. Datorren uztailaren 4 eta 5ean, plataforma Eduthinker topaketan aurkeztuko da, non hainbat tailer egingo baitira Make World erabiltzen ikasteko eta hezkuntza-komunitatean ezagutzera emateko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow