Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 otsaila, 2018 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Ludus VR enpresak industriara eraman du birtualizazioa

Errealitate birtuala, handitua eta mistoa aplikatzen ditu entrenamendu-lanetarako, mantenimendu prediktiborako eta produkzioa optimizatzeko
Ezkerretik eskuinera: Jon Iñaki Martínez eta Mikel Cearsolo, Ludus VR enpresako zuzendari nagusiak

Errealitate birtuala, handitua eta mistoa aplikatzen ditu entrenamendu-lanetarako, mantenimendu prediktiborako eta produkzioa optimizatzeko

 

Errealitate birtualak, handituak eta mistoak gero eta protagonismo handiagoa dute ingurune industrialetan. Adituek aurreikusten dute horrelako teknologiak garatzen dituzten enpresek hazkunde-zifra handiak izango dituztela. Munduko enpresa garrantzitsuenetako batzuk (esaterako, Google, Microsoft, Facebook –Oculus enpresaren bitartez-, Samsung edo HTC) dagoeneko hasiak dira bisore eta gailu haptikoak (ukimenaren bidez erabiltzen direnak) ekoizten, horrelako teknologien murgiltze-esperientziez gozatzeko.

 

2016an Ludus VR euskal konpainiak joera horrekin bat egin zuen, eta orduan hasi zen ekoizten errealitate birtual, handitu eta mistoko produktuak, industriara eta larrialdietara espezifikoki bideratuak. Bere lehenengo garapenetako bat izan zen orgatila jasotzaileak erabiltzeko errealitate birtualeko simulagailu bat. Horri esker, langileek beren gaitasunak entrenatu ditzakete istripua izateko edo ibilgailua iraultzeko arriskurik gabe. Oso sinplea da, nahikoa baita errealitate birtualeko bisore bat jartzea, orgatilaren aginte mahai berbera duen kabina batean esertzea eta egoera desberdinak simulatzea. Hegazkinetako pilotu askok erabili izan dutenaren antzeko simulagailu bat da, baina gaur egun teknologia garatuago dago, eta kostuak askoz txikiagoak dira.

 

Enpresaren azken proiektuak Fall Protection VR du izena eta altuera handiko erorketen simulagailu bat da, eraikuntza sektorean edo lantegi industrialetan erabiltzeko. “Osalanek finantzatutako ekimen bat da, zeinaren bidez langileek birtualki ikasten baitute zein protokolo aplikatu altueran lanean ari direnean. Asaken prestakuntza-zentroak eman digu horretarako ezagutza espezifikoa, eta gidari-lana egin digu, simulagailuetan jarraitu beharreko protokoloak azalduz eta segurtasun prozesu guztiak baliozkotuz” dio Jon Iñaki Martínezek, Ludus VR enpresako zuzendari nagusiak eta teknologia zuzendariak.

 

Baina langileen prestakuntzaz eta entrenamenduaz harago, horrelako teknologiak dagoeneko hasi dira muturra sartzen beste esparru batzuetan, esaterako, denbora errealeko datuen bistaratzean edota makina desberdinen urruneko kontrolean. Jon Iñaki Martínezen arabera, “gero eta informazio- eta datu-sistema gehiago integratzen dira lantegietan; datu horiek bistaratzea izango da hurrengo urratsa.  Oraindik ez dago argi errealitate birtualeko edo handituko teknologiak erabiliko ote diren horretarako. Uste dut biak bateragarriak direla, eta ahalegina egingo dela hardwarea (bisoreak edo betaurrekoak) bateratzeko, posible izan dadin datuak bi moduetan bistaratzea. Dagoeneko hainbat enpresa etorri zaizkigu denbora errealeko bistaratze sistemak eskatzera, eta badirudi hori dela joera nagusia”.

 

Konpainia bizkaitarrak baditu errealitate birtuala, handitua eta mistoa konbinatzen dituzten beste proiektu batzuk Sidenor eta Gas Natural enpresentzat eta automozioaren sektoreko hainbat konpainiarentzat. Ludus VR-k 24 langile ditu, eta duela gutxi bulego komertzial bat ireki du Madrilen.

 

 

 

Lotutako albisteak

23 apirila, 2024 Digitalizazioa
SPRIk Hannover Messe 2024 azokan dauden Euskadiko enpresei lagunduko die
Irakurri gehiago
18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak