4.0 Industriaren erronkak zerbitzuen sektorean

6 urria, 2016
Topaketa urriaren 20an egingo da Garaia Berrikuntza Gunean.

BAC Mondragon erakundeak jardunaldi bat antolatu du eredu berritzaileen ezarpenari buruz.

 

4.0 Industriaren paradigma manufakturarekin lotu ohi da, baina ingeniaritzako jarduerek eta enpresa zerbitzuek ere 4.0 Industriaren ekosistemarantz eta haren negozio-eredu berritzaileetarantz migratu beharko dute. Horregatik, Mondragon Unibertsitateko BAC zentroak, DBZ-MUrekin lankidetzan, Mondragon 4.0 Zerbitzuak jardunaldia antolatuko du datorren urriaren 20an.

 

Topaketan aztergai izango da nolako erronkak eta aukerak dituzten enpresek zerbitzuen garapenean oinarritutako negozio-ereduak ezartzean 4.0 Industriaren barruan. Horrelako prozesuei ekin dieten hainbat euskal enpresek parte hartuko dute jardunaldian, eta beren esperientziak partekatuko dituzte, eraldaketa horrek aldaketa sakonak eragiten baititu konpainien estrategietan, prozesuetan, eta kudeaketa egituretan.

 

ISEA S.Coop-eko zuzendari kudeatzaile Mikel Orobengoak emango du egitarauaren hasierako hitzaldia, eta zerbitzuek 4.0 Industriaren markoan duten protagonismoaz mintzatuko da. Abantail, Sareteknika eta LKS Ingeniería enpresek ere jardunaldian parte hartuko dute, eta zerbitzuen sektoreak 4.0 industriaren paradigmari egokitzeko egin beharreko lanari buruz hitz egingo dute. Soraluce, Ulma Carretilla Elevadoras eta Fagor Arrasate konpainiek azalduko dute nolako esperientzia bizi izan duten manufakturatik abiatutako zerbitzuen garapenean, eta, azkenik, DBZ-MUko Ion Iriarte irakasle eta ikerlariak amaierako hitzaldi bat eskainiko du manufaktura enpresetako zerbitzuen diseinuari buruz.

 

Topaketa Arrasateko Garaia Berrikuntza Guneko ekitaldi aretoan egingo da, eta parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena. Arrasateko BAC –Business Acceleration Center- zentroa ISEA S.Coop.-en barneko egitura bat da, zerbitzu aurreratuen sektoreko enpresa ekimen berriak abiarazteko prozesuak dinamizatzen dituena.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow