Garraio partekatuko eredu berriek zerbitzu publikoak eraldatu dituzte

18 maiatza, 2016
IKTetan oinarritutako garraio-eredu berrien inpaktua aztertzen duen ikerketa.

Ikerketa batek aztertu du nolakoa den IKTetan oinarritutako mugikortasun-mota berrien potentziala.

Teknologiak aldatu egin du hirian barrena mugitzeko dugun modua, IKTei esker garraio eredu berriak zabaldu direlako. Autoa partekatzeko sistemak, bizikletak alokatzeko sareak, partikularren arteko garraio zerbitzuak… Eskaintza asko zabaldu da tren, metro eta autobus sareetatik harago. Hala ere, Shared mobility and the transformation of public transit txostenak dio garraio partekatuko eredu berri horiek ez direla ohiko garraiobideen lehiakideak, baizik eta osagarriak direla, eta zenbait hirik eredu berrien potentziala aprobetxatu dute hiriko mugikortasuna hobetzeko.

Txostenak Ipar Amerikako zazpi hiri aztertu ditu, alegia eredu berri horiek gehien erabiltzen dituztenak. Hona hemen, ondorio nagusietako bat: mugikortasun partekatuko ereduak (carsharing edo bikesharing adibidez) erabiltzen ohituta daudenek gehiago erabiltzen dituzte garraio publikoko zerbitzuak. Era berean, erabiltzaile profil horrek dauka autoen jabe izatearen indize baxuena, gehiago ibiltzen da oinez, eta diru gutxiago gastatzen du garraioan. Azterlanaren arabera, supersharer delakoen –eguneroko errutinetan garraio partekatuko zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen- %60k, batik bat, autobusa eta trena erabiltzen jarraitzen dute hirian barrena mugitzeko.

Azterlanak beste ondorio bat ere atera du: garraiobide partekatuak osagarri dira garraio publikoarentzat, ibilbide desberdinak egiteko eta eguneko ordu desberdinetan erabiltzen baitira, biek bultzatzen dutelarik auto pribatuaz besteko mugikortasuna. Garraio publikoko zerbitzu batzuk hasi dira moduak bilatzen eredu horiekiko sinergiak aprobetxatzeko, beren ibilbideak konektatu dituztelarik bizikleta edo auto partekatuko zerbitzuekin. Eredu tradizionaletan ere aplikatu dituzte IKTen potentzialarekin oso lotuta dauden ezaugarri batzuk erabiltzailearen esperientzia hobetzeko: esaterako, ibilbideak pertsonalizatzeko aukera elkarrengandik hurbilen bizi diren erabiltzaileak multzo berean sailkatuz, aplikazio batean integratutako ordainketa bideak edo ibilgailuak uneoro monitorizatzeko aukera.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow