Los delirios de Von Sottendorff, urteko bideojoko onenetako bat

14 uztaila, 2016
Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada jokoak hainbat sari jaso ditu Gamelab 2016 Kongresuan.

Euskadin sortutako joko horrek Arte eta Zientzia Interaktiboen Akademiaren 3 sari irabazi ditu.

 

Bilboko Delirium Studios enpresak sortu zuen Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada, puzzlea eta plataforma uztartzen dituen bideojokoa, non jokalariak bidaia oniriko bat egiten baitu burua galdu duen baroi baten etxean barrena. Abenduan merkaturatu zen joko hori Nintendo 3DS kontsolarako, eta sari gehien jaso dituen bideojokoetako bat izan da Bideojoko Industriaren Sari Nazionaletan, hau da, Estatuko txapelketa ospetsuenean.

 

Los delirios de Von Sotterdorff jokoak sari hauek jaso ditu Gamelab Bideojokoen Nazioarteko XII. Kongresuaren barruan egin zen ekitaldian: Kontsolarako Joko Onena, Musika eta Soinu Onena eta Publikoaren Saria. Hala, epaimahaiak aitorpena egin dio Bilboko estudio independente horren bost urtetik gorako lanari.

 

Escenario del videojuego Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada.

 

Jokoak baroi ero baten istorioa kontatzen du, zeina giltzapetuta baitago etxe handi batean, alegia bere buruan. Plataforma eta puzzleak uztartzen dituen mekanika bati jarraiki, jokalariek 200 gela igaro eta erronkak gainditu behar dituzte, pistak aurkitzeko eta pista horien bidez Von Sotterdorff baroiari bere iragana berreraikitzen laguntzeko; horrela, baroiak zentzua berreskuratuko du. Delirium Studios-ek arreta handiz girotu du jokoa; eszenatoki guztiak eskuz marraztuak izan dira, eta hiru dimentsioko soinu banda du, mikrofono holofonikoa erabili baitzuten grabatzeko. Guztira, 40 profesionalek parte hartu dute jokoa eraikitzeko prozesuan, non zortzi mundu, 40 maila eta 18 arerio mota baitaude.

 

Delirium estudioak Arte eta Zientzia Interaktiboen Akademiak emandako bi sari irabazi zituen 2014an Los ríos de Alice jokoagatik, harako hartan Musika Onenarena eta Zuzendaritza Artistiko Onenarena. Bideojoko hura sakelako eta tabletetarako egin zen hasieran, baina kontsoletara jauzi egin zuen joan den irailean, Wii U kontsolarentzako bertsio zabaldu batekin.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow