Liburuentzako aukerak aro digitalean

21 iraila, 2016
Telefónica Fundazioaren Telos aldizkariaren azken alea liburuaren etorkizunari eskainita dago.

Negozio-ereduak goitik behera aldatzen ari dira editorialen sektorean.

 

Iraultza digitalak jarduera sektore askoren zimenduak astindu ditu, eta, zalantzarik gabe, editorialen sektorea izan da kaltetuenetako bat. Internet eta sare sozialek, euskarri berriek eta edukiak kontsumitzeko ohitura berriek goitik behera eraldatu dute editorialen mundua, paperetik liburu elektronikora pasatzeaz harago.

 

Halere, diskurtso ezkorrak gorabehera, liburuaren etorkizunak aukera ugari ditu aro digitalean, bai negozio-ereduei dagokienez, eta bai irakurketa esperientzia desberdinei dagokienez. Eskaerapeko edizioa, auto-edizioa, irakurle komunitateak, transmedia narrazioak, eta datuen analitika; horiek dira sektorea gehien aldatzen ari diren joera batzuk. Telefónica Fundazioaren Telos aldizkariaren azken alean aukera horiek esploratu dira, editorialen munduko hainbat adituren ikuspegitik.

 

Edward Nawotka-k, Publishing Perspectives aldizkariko editoreak, bere artikuluan azaldu du auto-edizioa izan dela liburuaren sektoreko iraultza handienetako bat. Espainian saltzen diren lau liburutik bat auto-editatua da, eta arrakasta izan duten kasu ugari daude, Bubok adibidez, zeinak gaztelaniazko 550.000 ale saldu baititu eta 160.000 erabiltzaile inguru baititu erregistratuta. Nawotka-ren iritziz, “irakurketa soziala” da aipatu beharreko beste joera garrantzitsu bat. Edizioa pertsonalizatzen ari da gero eta gehiago, eta, bide horretatik jarraituz gero, etorkizun hurbilean kontsumitzaileak nahi duen tamaina, letra edo enkoadernazioarekin inprimatutako liburuak eskainiko dira.

 

Ernesto Baltar-ek Telos-en baieztatu du liburuaren kate tradizionalak ez duela zentzurik dagoeneko, eta “despistatu edo teknofoboren bat atzean gelditzen bada, eten teknologikoak irentsiko du, eta desagertzera kondenatuko”. Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko (UNIR) editorialaren arduradunak dio liburu elektronikoak oraindik ez dituela erakutsi bere gaitasun guztiak; oraingoz formatu aldaketa bat gertatu da, besterik ez, baina benetako eraldaketa ekarriko du teknologia berrien aukerak aprobetxatuz. Baltar-en ustez, formatu anitzeko edizio digitala, eskaerapeko inprimaketa eta komunitate sorkuntza dira aukera baliotsuenak. Gainera, liburu digitalak aukera ematen du irakurketa ohiturei buruzko datu mordoa biltzeko, baliagarriak direnak irakurleen zaletasunetara egokitutako edukiak sortzeko.

 

Javier Celayak, Telos aldizkariaren azken aleko koordinatzaileak, dio hauexek direla sektorearen erronka handienak: Interneteko deskubrimendu, erosketa eta irakurketa esperientzia hobeak eskaintzea prezio lehiakorretan; “irakurketa soziala” egiteko aukera berriak ematea, eta big datan nahiz banaketa-estrategia berritzaileetan oinarritutako negozio-ereduak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow