Lanpostuen sorrerak eta fakturazioak Euskadiko TEIK sektorea sendotu dute

9 ekaina, 2016
Batzar Nagusiaren momentu bat.

GAIA  Klusterreko 245 enpresa bazkideen fakturazioak %5,1 egin du gora, 2.909 milioi eurorekin. Sektoreak lanpostuak sortu ditu lehen aldiz azken bost urte hauetan, eta 500 profesional berri batu zaizkio.

 

Uterako aurreikuspenek sendotze hau indartzen dute: fakturazioak %4,7 egingo du gora, eta lanpostuen sorrerak %4,0. “Zikloaren aldaketa gauzatu da, eta ziurgabetasun orokorra gora-behera, gaur egun bizi dugun eraldaketa digitalean sektore gakoa izatetik hurbilago gaude”, azpimarratu du GAIA Klusterreko presidentea Manuel Salaverriak. Klusterrak urteko Batzarra egingo du gaur, eta Zuzendaritza-Taldea eta Presidentzia berrituko ditu.

 

Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterrak (GAIA – Kluster TEIK) Bilbon azaldu ditu gaur goizean makro sektoreak 2015. urtean izan dituen emaitzak eta ekitaldi honetarako enpresa bazkideek emandako datuetan oinarritutako aurreikuspenak. Komunikabideen aurrean egin duen agerraldian izan dira GAIA Klusterreko Presidentea Manuel Salaverria, Zuzendari Nagusia Tomás Iriondo eta Nazioartekotzeko Zuzendaria Jokin Garatea.

Gaur, ekainak 9, Klusterrak bere urteko Batzar Nagusia egingo du Donostian, eta bertan Zuzendaritza-Taldea eta Presidentzia berrituko ditu.

 

Fakturazioak gora egin du

GAIA Klusterrean bat egiten duten 245 enpresek 2.909 milioi euro fakturatu zuten 2015. urtean, aurreko ekitaldian baino %5,1 gehiago. Hazkundea, gainera, azpi-sektore guztietan gertatu da (IKT eta Elektronikan) eta baita enpresa handi zein txiki eta ertainetan. IKTko enpresa txikietan izan da hazkunderik handiena, %8koa. Klusterreko arduradunek esan dutenez, “datua berezi esanguratsua da, aurreko urteko hazkundea bikoiztu egin dugulako eta ekitaldi hark, gainera, krisi-urterik gogorrenetako tendentzia-aldaketa ekarri zuen”.

 

Enpresa bazkideek emandako datuen arabera, 2016. urteko fakturazioak joera berari eutsiko dio, eta hazkundearen aurreikuspena %4,7koa da.

 

Lanpostuak sortu dira

Merkatuaren portaera onak eta fakturazioaren hazkundearekin batera, lanpostuak sortu ahal izan ditu sektoreak, azken bost urte hauetan lehen aldiz. 2015. urtean 500 lanpostu sortu dira, %4,2ko hazkundearekin, beraz. Krisiak gogor astindu du sektorea, eta azken urteetan eskariaren jaitsiera eta enpresen jarduera eten izanagatik lanpostuak galdu ziren. Gaur egun 11.000 langile ditu sektoreak, eta hurrengo urteari begira kopuru hori %4.0 handituko dela uste da.

GAIAko arduradunek esan dutenez, “lanpostuak sortu izana da enpresen konfiantzaren adierazlerik argiena; merkatuaren baldintzetan, enpresaren beraren aurreikuspenetan eta beren proiektuen etorkizuneko jasangarritasunean sinisten dute gure enpresek”.

 

Kanpoko merkatuetan sendo           

Aurreko ekitaldietan bezalaxe, aurten ere hazkundearen eragile nagusietarikoa enpresek nazioartean egindako jarduera izan da: bolumena %3.0 handitu da, 2015. urtean 1.117 milioi eurorekin, eta hurrengo urtean %3,5 handituko dela uste dute enpresa bazkideek.

 

 I+G sustatzen        

Ikerketa eta Garapenari dagokionez, GAIAko enpresek 113 milioi euro inbertitu zituzten 2015. urtean, 2014. urtearekin alderatuta %1,1eko hazkundearekin, ekitaldi honetan %2,5eko hazkundea izango duela espero delarik.

Urteko adierazleak aztertuta, hauxe da hazkundea izanik ere, motelena. Manu Salaverriak esan duenez, “merkatuak eragin duen jarduera handiak eragin du horretan, eta baita I+G bultzatzeko politikak arlo guztietan berraztertzen ari diren garai honetan enpresek berez behar duten zuhurtziak”.

 

Eraldaketa digitala geure aukera da: Industria 4.0 gara”

2015eko datuen eta oraingo ekitaldiko aurreikuspenek sektoreko enpresentzako aukera-testuingurua sortu dute. Une ezin egokiagoa da, gainera, enpresak zeregin garrantzitsua jokatzen ari direlako Euskadin abian den ekonomia eta enpresa-eraldaketan, 4.0 industria delakoaren bidean. Manuel Salaverriak azpimarratu duenez, “Munta handiko ber-eboluzioaren atarian gaude, enpresen teknifikazio handiak eta produktu, zerbitzu eta negozio-ereduen aldaketa sakonak eraginda; hori guztia gauzatzeko, ezinbestekoa da informazioaren teknologiek, elektronikak eta telekomunikazioak parte hartzea”.

Klusterra aktiboki ari da parte hartzen BasqueIndustry4.0 delako estrategian, erakunde publikoak buruan, Euskadiko eragile ekonomiko nagusiek lagunduta.

GAIAko Batzar Nagusia, hain zuzen ere, Industria 4.0n oinarrituta dago. Presidenteak “geure sektoreko enpresak garatzeko aukera handia da, eta erronka handia da, gainera, euskal ekonomiarentzat, jadanik Europa mailan zeregin garrantzitsua jokatzen ari dena”.

Batzarrean zehar, ber-eraldaketa digitala behar bezala baliatzeak berez dakartzan hiru erronka nagusiak aztertuko dira: Euskadiko balio-kate osoan 4.0 prozesu eta teknologiak txertatzea, merkatu globaletan kokatzeko moduko soluzio eta zerbitzu digitalak eskaintzea eta garatzea eta industria kohesionatuan jardun ahal izateko, “Fabrika Hedatua” garatzeko estrategia komun eta partekatua izatea.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow