EBk ziber-segurtasunari buruzko lehen zuzentaraua onartu du

12 uztaila, 2016
Europako Legebiltzarrak sareen eta informazioaren segurtasunari buruzko Zuzentaraua onartu du.

Arauak ikuspegi komun bat ezartzen du enpresen eta funtsezko zerbitzuen aurkako erasoak saihesteko.

 

2015ean zehar, Europako konpainien %80k segurtasun arloko gertakariren bat jasan zuten. Eraso horiek milioika euroko kostuak eragiten dituzte urtero, eta arriskuan jartzen dute enpresen eta onlineko zerbitzuen funtzionamendua. Mehatxu hori murrizteko, eta bermatzeko funtsezko zerbitzuak ematen dituzten konpainiak gai direla ziber-erasoei aurre egiteko, uztailaren 6an Europako Legebiltzarrak ziber-segurtasunari buruzko lehen araua onartu zuen EB osorako.

 

Zuzentarauak segurtasun arloko estandar komunak ezartzen ditu, eta herrialde kideen arteko lankidetza handitzen du. Arau berri horrek neurri garrantzitsu bat dakar berekin, hainbat obligazio ezartzen baititu sektore garrantzitsuetako konpainientzat (hala nola, energia, garraioa, osasun zerbitzuak, banka eta ur hornikuntza) eta baita ere onlineko merkataritzako zerbitzu digitalen hornitzaile handientzat, bilaketa motorrentzat eta lainoko zerbitzuentzat. Enpresa horiek derrigorrez hartu behar dituzte beren azpiegituren segurtasuna bermatzeko neurriak, eta gertakari garrantzitsu guztien berri eman beharko diete Estatuko agintaritzei. Konpainia txikiek ez daukate zertan neurri horiek ezarri.

 

EBko herrialde bakoitzaren ardura izango da konpainia garrantzitsu horiek identifikatzea, Zuzentarauak berak ezarritako irizpideen arabera. Era berean, Estatu mailako ekipo-sare bat sortu beharko dute segurtasun informatikoko gertakariei erantzuteko eta, bide horretatik, arriskuak kudeatzeko, mugaz gaindiko segurtasun kontuak lantzeko eta erantzun koordinatuak garatzeko. Europa mailan, lankidetza talde bat sortuko da informazioa trukatzeko eta Estatuei laguntza emateko segurtasun tresnak garatzeko orduan. Herrialde bakoitzak 21 hilabeteko epea izango du Zuzentaraua bere legerian sartzeko, eta 6 hilabete gehiago zerbitzu garrantzitsuen operatzaileak identifikatzeko.

 

Lankidetza publiko-pribatua ziber-segurtasun arloan berritzeko

 

Europako Batzordeak iragarri du aliantza publiko-pribatu bat sortuko duela, zeinaren helburua den produktu eta zerbitzu berriak garatzea ziber-erasoak saihesteko. Akordio horrek 1.800 milioi euroko inbertsioa eragingo du 2020ra arte, eta EBk 450 milioi jarriko ditu. Gainerakoa, ECSOko (Europako Ziber-segurtasunaren Antolakundeko) kide diren operatzaile pribatuek jarriko dute.

 

Europako Batzordeak ziber-segurtasun arloan abiarazi duen lehen plan publiko-pribatua da hau, eta, enpresez gain, bertan parte hartuko dute baita ere ikerketa zentroek eta Estatu, eskualde nahiz tokian tokiko agintaritza publikoek. Proiektuentzako lehen deialdia 2017ko martxoan irekiko da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow