Zure negozioaren onlineko ospea zaintzearen garrantzia

17 urtarrila, 2017

SPRIk ikastaro bat antolatu du horretarako dauden tresnak ezagutzeko.

 

Gaur egun ezinbestekoa da jakitea zer dioten sare sozialek zutaz eta zure enpresaz. Ezin da ez entzun egin erabiltzaileek edo bezeroek Interneten esandakoaren aurrean, baina, gainera, elkarrizketa horretan sartzea aukera aparta da konfiantza transmititzeko, bezero berriak erakartzeko, eta krisien aurrean garaiz erreakzionatzeko. Asko dira zure markari, produktuari edo zerbitzuari buruzko aipamenak jaso ditzaketen plataformak eta sare sozialak, baina badaude zure onlineko ospea erraz monitorizatzeko tresnak ere.

 

SPRIk Ezagutu zure negozioaren ospe digitala ikastaroa antolatu du, onlineko ospea zer den azaltzeko eta berau kudeatzeko tresna egokienak ezagutarazteko. Tailerra bereziki zuzentzen zaie ezagutza horiek bereganatu nahi dituzten mikroenpresa eta autonomoei, negozioaren ospe digitala ezagutzea oinarrizkoa baita edozein enpresa proiekturentzat, bere tamaina gorabehera.

 

Ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei irakastea negozioaren onlineko ospea neurtzen, monitorizatzen eta kudeatzen, eta krisiei aurre egiteko kontingentzia plan bat egiten, garaiz erreakzionatzeko eta ahalik eta kalte gutxien izateko. Bi orduko jardunaldi horretan, tresnak erabiliko dira, komunitateak plataforma, sare sozial eta blogetan sortzen dituen edukiak aurkitzeko eta aztertzeko.

 

Sarean badaude lan hori erraz eta dohainik egiteko aukera ematen duten hainbat aplikazio, hala nola, Social Mention, Icerocket, Addictomatic edota Mention. Tresna horiez gain, baita ere aztertuko dira Facebook Insights eta Likealyzer (Facebook sarerako) eta Follower Wonk, Klout eta Twazzup (Twitter sarerako). Data eta toki hauetan egingo dira tailerraren hurrengo edizioak:  urtarrilaren 26an Donostian, eta otsailaren 10ean Bilbon.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow