Karten Space enpresak jaso du startup onenaren “FCinco Jóvenes Influyentes” saria

23 November, 2016

Enpresa hori Lurra behatzeko nano-sateliteak egiten ari da.

 

Ainhoa Cid del Valle eta Máximo Calvok sortu zuten Karten Space. Enpresa gazte bat da, ideia berritzaile bat abiarazi duena: lurraren azalerari buruzko datuak ia denbora errealean ematen dituzten nano-sateliteak diseinatu eta garatzea. Enpresa proiektu horrek startup onenaren garaikurra eskuratu du “FCinco Jóvenes Influyentes” sariketaren lehen edizioan.

 

Karten Space enpresak diseinatutako nano-sateliteek bi osagai berritzaile dituzte. Batetik, behaketa sentsore bikoitza dute, hots, bi elementuz osatua: irudiak atzemateko instrumentu optiko bat, eta software bidez modulatu daitekeen irrati bat, zeinak lurreko sentsoreek eta sentsore aerogarraiatuek igorritako seinaleak jaso baititzake (oraingoz, hori egin dezaketen nano-satelite bakarrak dira). Bestetik, fabrikazio gehigarria erabiltzen dute egitura nagusia fabrikatzeko. “Nano-sateliteek satelite handi baten azpi-sistema berberak izango ditu, beraz, erronka handia da denak integratzea” azaldu du Ainhoa Cidek. “Orain arte kargen banaketa egitura finko bati egokitu behar izaten zitzaion, baina guk fabrikazio gehigarria erabili dugu egitura diseinatzeko eta fabrikatzeko, egitura bera izan dadin azpi-sistemei egokitzen zaiena”.

 

Satelite konstelazio bat martxan jartzean eta kontrolatzean oinarritzen da enpresaren negozio-eredua, lortutako datuak gero zerbitzu gisa enpresei eskaintzeko. “Hemendik 2020ra 14 nano-satelite garatu nahi ditugu” azaldu du ingeniariak; “2018ko lehen hiruhilekoan orbitan izan nahi genuke lehenengoa”. Momentuz osorik diseinatu dute lehen satelitea, eta urte hasieran espazioko lehen testa egingo diote, aireratzean jasaten duen estresa simulatzeko.

 

Aurtengo martxoan Karten Space-k hitzarmen bat sinatu zuen Alcor Taldearekin, eta harrezkero enpresako kide da; hain zuzen, fabrikazioaz arduratzen da, taldeko kide den Mizar Additive Manufacturing konpainiaren bitartez. Diseinu eta garapen prozesuaz gain, Karten Space enpresako lantaldea hasia da jada merkataritza-harremanak egiten. “Lurraren irudiak aplikazio askotan erabiltzen dira. Guk nekazaritza eta logistikako sektoreetan zentratu nahi dugu batik bat, eta hainbat enpresa handik adierazi digute interesatuta daudela”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow