B-Cubes jokoak proban jartzen ditu enpresa-gaitasunak

28 September, 2016

UPV/EHUk enpresetako estrategiari buruzko bideo-joko bat sortu du ikasleentzat.

 

B-Cubes enpresak cubit deituriko metalezko eta itxura desberdineko dadoak ekoizten eta merkaturatzen ditu. Jokoaren erronka da konpainia baten arlo guztiak eraiki eta kudeatzea: produkzioko makinak, I+G-ren departamendua, langileen kontratazioa edota kuboak publikoari saltzea. Gainera, prozesu horretan ahalik eta irabazi handienak lortzen ahalegindu behar du jokalariak.

 

Ekintzailetza sustatzea helburu duten Zitek, Entreprenari eta Inizia programek bultzatu dute ekimena, helburutzat harturik enpresa-gaitasunak eta enpresari espiritua sustatzea ikasleen komunitatean. Onlineko bideojokoa enpresaren sei dimentsioetan oinarritzen da: lehengaia, ekoizpen moduak, ikerketa, finantza arloa, giza baliabideak eta salmenta.

 

Hasieran, jokalariak makina eta materialak erosi behar ditu cubit-ak ekoizten hasteko eta gero salmenta puntuetan merkaturatzeko. Hortik abiatuta, jokoa gero eta konplexuagoa bihurtzen da; jokalariak estrategia bat sortu behar du konpainia ahalik eta gehien hazi dadin. Lortutako irabazi ekonomikoaz gain, puntuek kontuan hartzen dituzte baita ere instalazioen balioa eta jardueran zehar barneratutako jakintza.

 

Bideojokoak txapelketa formatua dauka. Urriaren 3an hasiko da, eta sariak eskainiko ditu eskudirutan sailkapen onena lortzen dutenentzat. Lehen erronda onlinekoa izango da, eta puntuaketa altuena duten 4 lagun aukeratuko dira. Finala AzPlay Nazioarteko Bideojoko Lehiaketaren barnean egingo da, Bilbon, eta han erabakiko dira garaileak. Lehiaketa hasi arte, nahi duenak aukera du B-Cubes kudeatzeko gaitasunak probatzeko, horretarako beraizik jarritako espazio batean.

 

UPV/EHUk bultzatu ditu ekintzailetza sustatzeko Zitek, Entreprenari eta Inizia programak. Zitek Bizkaian zentratzen da, eta BEAZen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du. Entreprenari Gipuzkoako campusera zuzenduta dago, eta BIC Gipuzkoa erakundearen laguntza du. Inizia, berriz, Araban zentratzen da, eta BIC Arabaren laguntza du.

 

B-Cubes

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow