Itsasontzien “zaindari” iraunkorra

8 May, 2017

Javier Ugalde

Getxoko konpainiak Hiruteknova APP bat garatu du, unean bertan eta urrunetik jakinarazteko itsasontzi batek portuan jasan dezakeen edozein anomalia

Bere kokalekua dela medio, Bizkaiko kostaldean itsasgintzarekin lotutako konpainia ugari sortu izan dira historikoki. Goi-mailako yateak diseinatzen dituzten nazioarteko konpainia ospetsuak, armadore handiak, turbina propultsatzaileak eta motorrak edota merkatuan aplikazio (APP) bereziak sortzen dituzten ETE teknologikoak, aukera ematen dietenak ontzi-jabeei, adibidez, uneoro jakiteko zein den beren itsasontzien egoera fisikoa, portuan geldirik daudenean.

 

Laburbilduz, horixe da Hirutekonovaren historia, teknologia berriekin hertsiki lotutako startup bat, sekulako arrakasta izaten ari dena Dokensip izeneko aplikazioarekin. Oro har esan liteke aplikazio horrek aukera ematen duela sakelakoaren bidez detektatzeko itsasontzi bati gerta dakiokeen edozein matxura edo kalte, itsasontzitik urrun egon arren: ur isuri bat, baterietako arazoak, lapurretak…

 

Aplikazioaren arrakasta izugarri hazi da azken hilabeteotan, hona hemen datu bat hazkunde horren erakusgarri: dagoeneko instalatu da Europa, Amerika eta Australiako mila itsasontzi ingurutan. Sustatzaileek Radio Euskadiko Made in Basque Country programan adierazi dutenez, hurrengo helburua da Ekialde Ertainera jauzi egitea.

 

Harritzekoa da aro digitalean murgilduta bizi garen honetan, horrelako aplikazio bat lehenagotik merkaturatuta ez egotea…

 

Geuk ere horixe galdetzen diogu geure buruari (barreak). Zergatik ez zitzaion lehenago inori bururatu, eta zergatik guri bakarrik? Pentsatzen dut munduan badela besteren bat ideia bera izan duena, baina gu izan gara lehenak, eta esaerak dioen bezala, “laster emaile birritan emaile”. Baina ez da izan lan erraza. Ahalegin handia eta lanordu asko eskaini dizkiogu eta konbentzitzeko gaitasun handia behar izan dugu.

 

Zein testuingurutan sortu zen proiektua?

 

Premia hutsetik sortu zen, mundu osoko portuetan ainguratuta dauden itsasontzietan egunero eta uneoro ematen den premia batetik. Ontzi-jabe gehienak, normalean, itsasontzia daukaten portutik urrun bizi dira, eta asko estimatzen dituzten ontziak, beren aisialdirako baitira. Ontzia nola dagoen ez jakiteak ziurgabetasuna sortzen du, eta horregatik bururatu zitzaigun aplikazio bat garatzea sakelakorako edo ordenagailurako, uneoro itsasontziaren egoeraren kontrola izateko.

 

Nola?

 

Labur esateko, eta alderdi teknikoan gehiegi sartu gabe, haririk gabeko sentsoreak instalatzen ditugu itsasontzian. Azken helburua da jabeari lasaitasuna ematea eta bermatzea bere itsasontzia baldintza onenetan egongo dela erabili nahi duenean.

 

Beraz, etengabeko zerbitzu bat da, egunean 24 ordukoa?

 

Hori da bai, ezin daiteke bestela izan. Gure kezka bakarra da itsasontziak arazoren bat badu unean bertan abisatzea jabeari. Eta gure kontrol-zentroa baliatzen dugu horretarako, zeina martxan baitago eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. Abisuak Whatsappez, sms-ez edo posta elektronikoz bidaltzen dira. Eta, dena delakoagatik, horrek guztiak huts egiten badu, dei bat egiten diogu ontziaren titularrari edo berak horretarako aukeratutako beste hiru laguni.

 

Tamaina gorabehera, zergatik maitemintzen gaituzte horrenbeste itsasontziek?

 

Itsasoa atsegin duen edonork esango dizu itsasontzi batek une zoragarriak eskaintzen dizkizula arrantzara eta nabigatzera zoazenean edo galdutako hondartza txiki batean etxekoekin bainu bat hartzen duzunean. Bizi osorako oroitzapenak dira, eta horregatik bururatu zitzaigun modu bat bilatzea ondasun estimatu hori zaintzeko.

 

Bartzelonan bizi izandako esperientzia pertsonal bat izan omen zen Hiruteknovaren sorreraren inflexio puntua…

 

Hala da, bai. Itsasontzi bat neukan Bartzelonako portuan, ustez seguru eta ondo zainduta, baina asteburua igarotzera joaten ginenean, beti zeukan zerbait. Beti zegoen arazoren bat. Bateriak deskargatuta zeudela, ur ihes bat zuela, osten saiatu zirela, edo hilean behingo mantenimenduaren arduradunak ez zuela egin bere lana… Horregatik, ohartu nintzen jakin beharra nuela nola zegoen ontzia Bilbotik abiatu baino lehen, Bilbo urrun samar baitago Bartzelonatik.

 

Euskal Herrian %100ean eginiko teknologia bat da?

 

Erabat. Geurea da %100ean, hemen garatua, ezagutzen gaituzten tokietan arraroa iruditzen zaien arren. Balioa eman behar zaio Euskadin daukagun “know how” horri, hemen badagoelako puntako teknologia eta jende oso ona, gauza interesgarriak eta zoragarriak egiten dakiena. Gu geu ere konturatu gara hemen daukagun potentzialaz, eta mundura begira daukagun posizionamenduaz, eta mundura diodanean, mundu osora esan nahi dut.

 

Proiektu txiki samarra izanik eta kanpotik ikusita, badirudi azkarregi hazten ari zaretela. Ados al zaude?

 

Baliteke. Baina esango nuke horrela dela jakin dugulako tekla egokia zapaltzen une egokian, bi alderdi dituen tekla bat: gai izan gara arazo oso zehatz batentzako konponbide zehatz bat asmatzeko, eta “packaging” egokia diseinatu dugu, kontuan izanik hori oso garrantzitsua dela itsasgintzaren testuinguruan, non gauzak itsusiak izaten baitira, gustu handirik gabe eginak. Hala, gure produktuari bonboi kaxa baten estetika eman diogu: koloreek eta gustuz eginiko diseinuek arreta erakartzen dute eta erostera bultzatzen zaituzte.

 

Hiruteknova Dokensip aplikazioarekin aurkeztu da mundura, baina badaukazue beste negozio-ildorik martxan?

 

Oraintxe bertan abiarazi dugu Dokenvan izeneko beste ildo bat, auto-karabanen mundura zuzendua. Itsasontzienaren oso antzekoa da, batez ere jabeen profilari dagokionez, halako ibilgailuak sarri partekatzen direlako eta ohikoa delako sektore batetik bestera igarotzea. Sistema ia berbera da, ñabardurak ñabardura.

 

Nola lor daiteke aplikazioa, eta batez ere, zenbat balio du?

 

Itsasgintzan ezer ez da merkea, sistema hau 875 euro inguru kostatzen da, baina ez da inbertsio handia, itsasontziaren eta barruko sistema guztien balioa kontuan hartzen bada. Batez ere zerbitzua da gure apustuaren oinarria, eta ez gastua: lasaitasuna ematen du jakiteak gure itsasontziaren bateria paketeak (merkeenetan 3.000 eta 4.000 euro bitarteko kostua duenak) ez duela hutsik egingo pantalana korronterik gabe gelditzen bada. Izugarri garestia da horrelako sei bateria aldatzea…

 

Mezu bat bukatzeko?

 

Azpimarratu nahi nuke Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek hemen, etxean, hasten ari garen gu bezalako startupei ematen diguten laguntza, lan erraldoi bat baitugu aurrez aurre: munduan posizionatzea. Bidezkoa da eskerrak ematea.