ITS Security ziber-segurtasunaren nazioarteko foro handienean sartu da

29 abendua, 2016
: ITS Security enpresa ziber-segurtasun zerbitzuetan espezializatuta dago.

Enpresa gipuzkoarra FIRSTeko kide da orain.

 

FIRST (Forum of Incident Response and Security Teams) ziber-segurtasun erasoei aurre egiteko munduko foro garrantzitsuena da, eta 366 taldez eta 78 herrialdez osaturik dago. ITS Industrial Cybersecurity CERT, ITS Security enpresa gipuzkoarreko aditu taldea, eskubide osoko kide gisa onartua izan da foroan eta lorpen horrek nazioarteko sona emango dio.

 

ITS Security enpresako CERT taldea FIRSTen sartzeak esan nahi du, hemendik aurrera, enpresa gipuzkoarreko Ziber-segurtasun Operazioen Zentroak aukera izango duela informazioa, tresnak eta jardunbide egokiak partekatzeko foroko gainerako kideekin, segurtasun informatikoko erasoei nola aurre egin aztertzeko. ITS-CERT lantaldeak egokitzapen prozesu konplexu bat gainditu behar izan du foroan sartzeko.

 

FIRST proiektua 1990ean jarri zen martxan, erantzun koordinatua emateko Internetez konektatutako sareei egin zitzaizkien lehen eraso informatikoei. Gaur egun, arlo horretako nazioarteko foro garrantzitsuena da, eta segurtasun eta gertakarien erantzun arloetako profesional adituz osaturik dago. Sareko kide izanda, lantaldeek erantzun eraginkorragoak eman diezazkiekete segurtasun erasoei, zeren FIRSTen helburu nagusietako bat baita informazioa, tresnak eta ziber-segurtasun metodologiak garatu eta partekatzea.

 

ITS Security enpresak ziber-segurtasun zerbitzuak ematen ditu. Egile XXI Taldeko kide da, Mendaron du egoitza zentrala (Gipuzkoan), eta bulegoak ditu Bizkaian eta Madrilen. Konpainiaren barruan lan egiten duen ITS Industrial Cybersecurity CERT taldeak erantzuna ematen die segurtasun informatikoko gertakariei eta bezeroek jasandako erasoei eta lagundu egiten die indarberritzen. Aditu taldeak prebentzio eta hezkuntza zerbitzuak ere ematen ditu segurtasun arriskuak murrizteko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow