Irontec enpresak offlineko doako lehenengo hiztegia sortu du

20 uztaila, 2016
Labayru Hiztegia weberako eta sakelakorako bertsioan eskuratu daiteke.

Labayru Fundazioaren hiztegi berriak esaerak ere jasotzen ditu.

 

Kode irekiko teknologietan espezializatutako Irontec enpresa bizkaitarrak Labayru Fundazioaren euskara-gaztelania hiztegiaren bertsio berri bat egin du. Proiektuak hobekuntza nagusi bi ditu: batetik, hiztegi fraseologikoa txertatu da, eta, beraz, erabiltzaileak bilatzaile bera baliatu dezake hitzak edo esaerak bilatzeko; eta, bestetik, konexiorik gabe funtzionatu dezakeen aplikazio mugikor bat ere garatu da.

 

Hala, sakelako eta tabletentzako Labayruren aplikazioa da offlineko doako lehenengo hiztegi digitala. Aplikazioaren eduki guztia sakelako dispositibora deskargatzen da instalatzeko unean, beraz, erabiltzaileek ez dute Interneterako konexiorik behar bilaketak egiteko. Enpresak ahalegin handia egin du edukiak ahalik eta gehien optimizatzeko, eta oso aplikazio arina lortu dute.

 

Labayru Hiztegia eskuragarri dago Android eta iOS sistema eragileentzat bertsio mugikorrean, eta baita ere weberako bertsioan; azken horretan hainbat hobekuntza egin zaizkio fundazioaren aurreko bertsioari, usagarritasuna hobetzeko. Esaeren hiztegia integratzeaz gain, foro bat ere txertatu da aplikazioan, erabiltzaileek ekarpenak egin ditzaten hobekuntzak edo itzultzeko eduki berriak iradokiz.

 

Labayru Fundazioak bere hondar aletxoa jarri nahi izan du euskararen hedapenean, horregatik garatu du hezkuntza arloan eta euskaldunen komunitatean oso erabilgarria izango den tresna hau. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du.

 

Irontec enpresak badu beste proiektu bat tresna digitalen bidez euskara sustatzeko: Ikastek. Joko suite bat da, euskarazko hiztegia modu dibertigarrian ikasi eta praktikatzeko, eta haur eta gazteei zuzenduta dago. Ikastek plataformak doako sei joko-aplikazio ditu Android eta iOS sistema eragiledun sakelako eta tabletetan erabiltzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow